Samuel
Samuelen hilketak alarma piztu du gizartean. Homosexuala izateagatik erabaki zuten bere bizitza etetea, jipoiarekin nahikoa ez zelako. Irakurri dut hamabost bat minutuz aritu zirela hamar bat «lagun» (batzuetan euskara krudel bihurtzen zaigu) Samuel jotzen, eta gero, ausardia osoz ihes egin zutela. Batzuek diote ez dagoela hitzik horrelako zerbait definitzeko, baina bai, badago: heteropatriarkatua.
Maskulinitate kultural baten atzean horrelakoak justifikatuta daude. Zurituta. Marikoi batek bere nortasuna kamustu behar du, bestela jipoia, emakume batek boterea eduki ezin dezakeen moduan, edota trans batek irainak jaso behar dituen bezala. Hauek adibideak besterik ez dira noski, ordaintzen den preziorik altuena heriotza delako kasu hauetan guztietan.
Alejandro Sanzek idatzi berri du Twitterren duen kontuan: «Samuelen sexu-orientazioak gehiago kezkatzen gaitu bere hiltzailearen edo hiltzaileen sen kriminalak baino, eta horrek argi adierazten du zeinen gaizki gauden». Nahiago dugu hiltzailea deabru baten moduan ikusi, horrela gu ez gara gaizto sentitzen. Guk errespetatzen ditugulako homosexualak. Guk ez dugulako horrelakorik egiten, eta egiten duenak kriminala behar duelako izan. Eroa. Gaixoa. Gaiztoa.
Baina ez. Ez nahastu. Gutako askok bultzatzen ditugu horrelako jarrerak. Izebergaren puntaren azpian sortzen da izeberga bera. Mikromatxismoak, lumafobiak, lodifobiak, transfobiak, arrazakeriak, eta hamaika fobiek osatzen dute gizarte honen idiosinkrasia eta horretaz elikatzen dira Samuelen hiltzaileen profilak.
Gizarte honek heteropatriarkatuaren jarrerak erreproduzitzen eta elikatzen jarraitzen duen bitartean tantaka eroriko dira Samuel gehiago, ausaz balitz bezala. Lehengoan Coruñan, etzi Salamancan, eta etzidamu Donostian, zure etxeko atarian. Eta hiltzaile guztiak ikusi nahi izango ditugu gaixorik baleude bezala, ez baitugu jasaten gure burua saltsa horretan nahastuta ikusterik. Hilketa horretatik urrun ikusi nahi dugu geure burua, guk ez dugulako horrekin inongo loturarik. Gu ez gaude gaixorik.
Beraz, irakurle zintzo hori, esan behar dut zu ere arazoaren parte zarela. Halabeharrez. Ez begiratu beste aldera, mesedez. Hezi zure seme-alabak koloretsu. Aldendu izebergetik. Ezeroso sentiarazi heteropatriarkatua, eta berau osatzen duten kideak, hori baita jasan dezakeen erasorik bortitzena.
Gogoratu naipeen gazteluak azpiko karta bat kenduta erortzen direla, eta zu, ni, gara karta hori. Has gaitezen etxetik!