Sei sei bi
Ibaetako jaiak antolatzeko lehen bilera baino ordubete lehenago bildu ginen taldeko gazteak. Ondo genekien zer esan behar genuen, baina planak ezin zuen zalantza zirrikiturik sorrarazi jai batzordeko beteranoen artean: «Korrikan hartuko dugu parte, ohi bezala, Ibaetan. Baina aurten, Nafarroako Erriberan ere erosiko dugu kilometroa, auzokoarekin motz geratu ohi gara eta».
Talde anitza da gurea. 20 eta 70 urte bitarteko kideak gaude batzordean, 28 gara Whatsappeko taldean eta, primeran ondutako plana azaldu ostean, hogei batu ginen abenturara. Gaua non igaro ere argi genuen: Santakarara gindoazen, batzordekide baten familiaren etxera, bere baiezkoarekin edo gabe. Herritik gertuen zuen kilometroa erosi genuen, eta dena lotuta, otordu amaigabeekin eta turismo pixka batekin osatu genuen bidaia.
Lo gutxi egin ostean iritsi ginen Korrikaren 662 kilometrora. Denak urduri, egunsentiaren zain, ilunpetan, 6:15ean. Han geunden, bata ezin isildu, bestea kantuan eta galeperrak aditzea iruditu zitzaiolakoan, isiltasuna eskatzen zuena ere. Baita kakari eutsi ezinik zebilen laguna eta argazkilaritza ikastarorako erreportajea egin nahian, ilunpetan eta flashik gabe trebatzen zebilena ere. Zirkua. Korrikari eskerrak, 06:43ean iritsi zen lekukoa eta bukatu zen The Office-ko kapitulua izan zitekeena.
Ibaetatik, gure miresmen osoa AEK-ko furgonetan gau luzeak pasatzen ari direnei […]. Eta animo, asteburu honetan bueltan izango gara eta. Oraingoan bai, oraingoan, Ibaetan
Ilusioak eta urduritasunak bultzatuta, elkarrekin egin genuen gure kilometroa, eta arnasestuka ez zebilena animatu zen hurrengoekin ere. Pasatu genien lekukoa Azkoiengo Udalekoei, bertako gazteei, zarrakazteluarrei eta Erriberako D eredukoei. Bidean batu ziren ere Azkoiengo haurrak, Funesko gaupasero jatorrak, eta «Azterketak euskaraz» kartela zeraman emakumea. Talde anitza hura ere, Martzillaraino.
Martzillako taberna batean gosaria eskatzekotan ginela, amíeneuskeranomehables-ka hasi zitzaigun tabernaria. Jabetu ginen, orduan, Korrika osorik eginda ere, kilometro asko ditugula aurretik halako jarrerekin amaitzeko.
Hala, bi aldiz pentsatu gabe, tabernatik irten eta aldamenekoan bildu ginen Korrikaren euforiak hunkituta eta jasotako erantzunagatik marmarka. Korrika jadanik urrun, eta oldarraldiaren haserrea pasatuta, barrez aritu ginen furgonetan doazenek kilometroz kilometro topatuko dituzten talde izenez.
Ibaetako auzotik, gure miresmen osoa AEK-ko furgonetan gau luzeak pasatzen ari direnei, isildu gabe elkarte, kuadrilla eta ikastoletako korrikalariak animatzen doan hizlariari, eta «tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!» etengabe eta erotu gabe errepikatzeko ahalmena duen horri. Eskerrik asko jai batzorde xelebreak ere irribarrez jasotzeagatik. Eta animo, asteburu honetan bueltan izango gara eta. Oraingoan bai, oraingoan, Ibaetan.