SOS, euskara!
Lehenik, telebistak igorri dituen irudietan ikusi eta entzun ahal izan ditugun gazteek azaleratu duten euskara mailak agerian utzi du haien ezagutza ez dela, ezta gutxiago ere, euskarazko azterketa bat gainditzeko modukoa. Halere, urduritasunak urduritasun, euskararen aurka egiten ari den politikari buruzko ikuspuntu bat partekatu nahiko nuke. Izan ere, ikasle hauek eskatzen dutena ez da ebaluazio irizpideen inguruko gogoeta bat egitea. Helburua EHUk ezohiko mekanismoak aktibatzea da, nota nola edo ahala altxatzeko baizik.
Beste behin ere, euskaltzaleok ohituraz barneratuta dugun nekeari jarraian, euskara arazo dela mahaigaineratu digute. Euskararen errua ei baita, orain, ikasle hauek aurreikusita zuten ikasketarako gutxieneko kalifikazioa lortu ez izana. Euskal administrazio publikoan lanpostu finko bat lortu ezin duenak euskarari dion gorrotoaren antzera, euskara da oztopo, gaizkile: inposatutako bidegabekeria madarikatua.
«Euskal administrazio publikoan lanpostu finko bat lortu ezin duenak euskarari dion gorrotoaren antzera, euskara da oztopo, gaizkile: inposatutako bidegabekeria madarikatua»
Hauteskunde kanpainan euskara hizkuntza eta kultura aniztasun, aberastasun eta nortasun kontzeptuekin lotzen duten politikari espainolisten antzera, gaztelera bezain ofiziala den hizkuntza bat inposatu nahian gabiltzala leporatzen digute. Progresisten aburuz, adibidez, eskubideak defendatzea ezinbestekoa den arren, hizkuntzaren erabilerari dagozkionak ez dirudite hain eskubide beraien leloetan.
Hori dela eta, irtenbide zuhur bat bilatzearren, nire ustez, EHUk Euskadiko ikasle guztiei aplikatu dizkien ebaluazio irizpideak berrikusi behar izatekotan, hain iraultzaile adierazi diren ikasle zein irakasle hauen ikastetxeetan bikainekotzat jo dizkieten azterketak hartu eta, neurri berean, zuzenketa irizpideak arretaz behatu beharko liratekeelakoan nago.
Dena den, ikasleak babesten agertu diren euskarazko irakasleek erakusten dieten konpromiso ezak arduratzen nau. Hau da, euskaraz edonola idatzi zein hitz egitearen bitartez ikastetxeetan gainditzea lortu badute, hobetu beharko luketela aitortu beharrean, gogoeta jarrera kritiko bat transmititu ordez, zergatik irudikatzen diete euskararekiko gorrotoa beren buruetan?
Hortaz, euskara arazoa dela sentiarazi nahi diguten honetan, argi esan diezaiegun ezetz. Euskara ez dela objektu hutsa, jostailua, ez dela nork bere erara molda dezakeen zerbaiten itxurakoa. Hizkuntza bat da, beste edozein bezala. Ez da preziatua, ezta ustela ere, eta, beraz, ganoraz idazten ez dakienak, hizkuntzari huts egiten dio.

