Sozialismoa
Sozialismo hitza entzunda edo ikusita, denoi gauza bera datorkigu burura? Ezetz egingo nuke. Sozialista, ezkerrekoa, aurrerakoia, progresista… gauza bera ote dira? Ziur aski ez, antzeko samarrak izan arren.
Sozialismoa definitu beharko banu, jendartea antolatzeko proposamen zehatz bat egiten duen ideologia bat dela esango nuke, non gizarte justizia, berdintasuna eta estatuaren arlo sozioekonomikoan esku hartze handia hitz gakoak diren. Hezkuntzarako, osasunerako, lanerako… aukera bera denontzat estatuak bermatuta, eta zerbitzu guztiak publikoak eta doan. Gero, herritar bakoitzak harengandik jasotakoa estatuari itzuliko dio, lanean eta denean bere onena emanda. Eta zergak ordainduta.
«Erdigunean» kapitala ez, gizakia jarri behar dela esaten da, baina, sozialista batentzat, hori ez da zuzena. Gizakia ez, gizartea jarri beharko litzateke, bestela batek baino gehiagok hor bere burua soilik ikusiko lukeelako. Hots, komunitatea lehenetsi behar da, interes partikularren aurretik.
Gauzak horrela, eta adibide gisa, lanbidea aukeratzeko tenorean dagoen gazteak bere buruari galdetu beharko lioke: «Zer da jendarteak behar duena, ingeniariak, zaintzaileak, nekazariak, iturginak…? Bada, horietako bat aukeratuko dut, prestakuntzarako gauza naizela ziurtatu ondoren». Lantokietan, bestalde, langile guztiek lansari bera jasoko lukete, bakoitzaren lana beharrezkoa eta beste edonorena bezain duina delako.
«Sozialismoa aldarrikatzen duten gazteei galdetuko nieke zer darabilten buruan; zer egingo luketen aginpidea lortuta»
Era horretan eratutako herriak, ondo funtzionatzeko, gizabanako zintzoak, zuzenak, eskuzabalak eta oso kontzientziatuak beharko lituzke; zerbitzatzeko prest daudenak, eta ez gizartetik etekin partikularra ateratzea amets dutenak.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, gizakiok, gutxi asko, geurekoikeria oso barnean sartuta dugula, eta komunitate sozialista batean hori litzatekeela gainditu beharreko oztoporik handiena. Eta hori ezinezkotzat jotzen dutenek sozialismoa, kristautasuna bezala, utopia eder bat baino ez dela diote. Arrazoi puntu bat ote dute?
Zertan gauzatu da, praktikan, ideologia hori? Interpretazio ezberdinak egin dira sozialismo erreala edo komunismoa ezarri den lekuetan, baina denek dituzte ezaugarri komun batzuk: iraultza odoltsuen bidez ezarritako diktadurak izan dira, eta dira, non jabetza partikularra gaizki ikusia dagoen, eta disidentziarik ez den onartzen. Horretaz gain, boterea eskuratu orduko, armada indartsua eta Polizia «eraginkorra» antolatu ohi dituzte. Ez dirudi, beraz, oso erakargarriak direnik.
Hori dela eta, sozialismoa aldarrikatzen duten gazteei galdetuko nieke zer darabilten buruan; zer egingo luketen aginpidea lortuta. Aberastasuna hobeto banatu, zerbitzu guztiak publifikatu eta doan eskaini, gizarte gastuak handitu, giza eta ingurumen eskubideak zorrotz errespetatu…? Eta horretarako, fiskalitatea aldatu, iruzur fiskala ezabatu, diru publikoaren erabilera okerra eragotzi, azpiegitura erraldoietan gutxiago inbertitu, autonomia energetiko handiagoa lortu, estatuak arlo sozioekonomikoa gertuagotik zaindu…?
Horrekin, gehienok bat etorriko ginateke, aldaketak zentzuz eta tentuz egingo balira, gure gizartearen inertzia handia baita. Bada, ene aburuz, Europan behintzat, horretan ari gara. Mantsoegi? Ziurrenik bai. Agian, horregatik progresismo hitzak sozialismo hitzari aurrea hartu dio.

