'Susmagarria'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Ondo dakizuenez, hiru gara egunkari honetan txandaka ibiltzen garen futbologoak: Jon Odriozola, Xabier Vazquez eta ni neu. Rayoren kontrako partidaren kronika Xabier Vazquezi egitea zegokionez, Anoetara lasai antzean joateko asmoa nuen, idazlearen sena etxean utzita eta zalearen bufanda lepoan jantzita. Usteak erdia ustel! Izan ere, etxetik atera baino lehentxeago, Xabi Vazquez ez zegoela Donostian jakinarazi zidaten, eta ondorioz, nik idatzi beharko nuela gaurkoa. Xabi kanpoan omen zegoen. Galduta, auskalo non, auskalo norekin eta auskalo zertan. –Ezer onik ez– esan nion nire buruari– hori seguru! Natorren harira, baina. Behingoagatik, Realak partida biribila jokatu zuen. Biribilegia. Hasieratik bukaerara. Hala lehenengo zatian nola bigarrenean. Eta hori gutxi balitz, gure jokalariek erakutsi zuten badakitela golak egiten lehenengo zatian. Zortzi hilabete zeramatzaten lehenengo berrogeita bost minutuetako aukera guztiak huts egiten, golak belodromorako bidea besterik ez baleki bezala, Anoetako dorreko harmailetara joatea debekatuta balute bezala. Atsedenaldian denok pozik, baina nik susmo txarra hartu nion. Berri on asko eta denak batera… ezin kasualitatea izan… Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen. Rayo –talde jator askoa, Donostiatik eskukada bete gol eramateko ohitura duena– ezinean zebilen eta Realak dena ondo egiten zuen. Gero Mikelen gol bikaina iritsi zen. Eta gero Choryren gola, zeinak Twitter arakatzen harrapatu ninduen. Ez, han ere ez zegoen Vazquez. Eta Markelek baloia langara bidali zuenean –eskerrak!– pentsatu nuen hura guztia gehiegi zela egun bakar baterako, eta hobe zela partida bukatzea. Imajinazio handikoa naizela esango didazue, baina hau dena ezin da kasualitatea izan. Nik, behintzat, argi eta garbi ikusten dut Realaren joko onaren eta Vazquezen desagerpenaren arteko lotura. Ez dakit Xabi noiz bueltatuko den, baina, nik zaindariak jarriko nituzke Euskal Herriko aireportu guztietan. Zer gerta ere.


