Tartak
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Mundua borobila esan zigun Cristobal Colonek Amerikara iritsi zenean, baina ez zen ohartu ezetz, mundua tarta bat dela, labana bat hartu eta zati txikietan bana daitekeena. 7.000 milioi izatera iritsiko omen gara gizakiak, baina mundua ebaki al daiteke 7.000 milioi zatitan? Zenbateko zatia dagokie Libiako errefuxiatu guneei? Zenbatekoa multinazional erraldoietako bulegoei? Hizkuntza bakoitzak hartu al dezake zati bat? Gazteleraren Cervantes Institutua eta ingelesaren British Council elkartu egin omen dira ekialdeko hizkuntzen hedapenari aurre egiteko, kultur aniztasuna aldarrikatuz. Kultur aniztasuna aldarrikatzen dute Hego Amerikako dozenaka kultura desagerrarazi zituztenek. Kultur aniztasuna aldarrikatzen dute Ipar Amerikako indiarrak filmetako gaizto izatera kondenatu zituztenek. Globalizazioaren eta homogeneizazioaren garai hauetan, onartzen al digute euskaldunoi tarta erraldoi horretan gure zatitxoa eskatzea? Mundua tarta bat da, eta, hona etorrita, zenbat tarta zati dagozkio bakoitzari? Zenbat euskarari? Zenbat turismoari? Zenbat kulturari? Zenbat hezkuntzari? Zenbat langabeei? Zenbat AHTari? Tarta eder bat saldu ziguten behinola, labetik atera berria. Nahi genuen bezala biziko ginela sinestarazi ziguten. Ez ginen ohartu legami puztua baino ez zela, kanpora atera orduko haizeak alde egin zion ore hauskorra. Adurra zerigun lehen; apurrak baino ez zaizkigu geratzen orain. Zatitzen hasi ginenerako eskuen artetik desagertu zitzaigun tarta. Ondo egin gabeko masa batean eraiki genituen ametsak, eta hankak hondoratu egiten zaizkigu. Nora doan ez dakigun mundu batean bizitzea egokitu zaigu. Eta zalantzan gaude sukaldariak ere ba ote dakien zer prestatu nahi duen. Politikan ere tartak marrazten ditugu garaiotan, koloretako tartak. Bi koloretako tartarekin egiten dute amets Espainian, kolore eta zapore gehiagokoa geratuko zaigu hemen. Denek diote arrazoi dutela, ohartu gabe egia ere kolore askoko tarta dela. Nora doan ez dakien mundu honetan bazirudien ohitzen ari ginela gobernu, banku eta enpresetako bulegoetan hartutako erabakiak onartzera. Baina dabiltzala kontuz, tartek hegan egiten ikasi dute-eta.

