Taxien eta VTCen arteko elkarbizitza ezin da legeari bizkar emanez eraiki
Ez gaude taxien eta gidaridun alokairuko ibilgailuen (VTC siglez ezagunak) arteko gatazka baten aurrean. Biek elkarrekin jardun dute urteetan zehar. Lehen, VTCak Turismo Handiko B lizentziak eta zerbitzu berezietako C lizentziak ziren, taxiak artatu ezin zituen zerbitzuetara bideratuak, hala nola luxuzko ibilgailuetarako edo enpresetarako. Bi ereduak elkarrekin jarduten ziren, legeria errespetatuz.
Arazoa sortu da plataformak indarrez sartu direnean eta taxiarekin zuzenean lehiatu nahi dutenean, VTCen jatorrizko helburutik urrunduz. Jokoan dagoena ez da profesionalen arteko gerra bat, garraioa ulertzeko bi eredu baizik.
Alde batetik, taxia dago, interes orokorreko zerbitzu publikoa, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan eskuragarria, administrazioek araututako tarifak dituena. Bestetik, inbertsio funtsek bultzatutako enpresa eredu bat dago, errentagarritasunean oinarritua, eta taxiaren tokia hartzen saiatu dena, ekonomia kolaboratzailea delakoaren aitzakiapean.
VTCen etorrera masiboak oreka hori hautsi du, eta, gure ustez, bidegabea den lehia bat sortu du, estatuko 13/2018 Errege Lege-Dekretuaren bidez sektorea berriro arautzera behartuz.
«Inbertsio funtsek bultzatutako enpresa eredu bat dago, errentagarritasunean oinarritua, eta taxiaren tokia hartzen saiatu dena»
Taxiak ere asmatu du egokitzen: irrati taxietatik, sakelakotik ibilgailu bat eskatzeko aplikazioetara igaro gara. Garatzen jarraituko dugu, gizarteak egiten duen moduan.
Euskadin, 2.121 langile autonomo gara; Donostian, 308. Ez gara monopolio bat: araututa gaude, gure zergak foru ogasunetan ordaintzen ditugu eta, Gipuzkoan, foru ogasunak sustatutako gardentasun fiskaleko kanpaina batean parte hartu dugu.
Urte osoan zehar, ematen dugu zerbitzu hau, diru laguntza publikorik gabe.
Uber Gipuzkoara iritsi ondoren, beharrezko titulu gaitu gabe hiri garraio zerbitzua ematen ari direla salatu genuen. Eta kezkatzen gaitu administrazio eskudunak beren ikuskapen eta zehapen betebeharrak betetzen ez aritzea.
Ez dugu protestetara iritsi nahi. Baina gure lan eskubideak eta araututako zerbitzu publiko bat arriskuan jartzen direnean, ahotsa altxatzea da geure burua defendatzeko dugun modua.

