Traba egiten dugu?

Eskulanen Etxea 1903an ireki zen, Parte Zaharreko Narrika kalean, baina, urte gutxira, egun Elkano kalean duen txokora mugitu zuten.
Mezu kontrajarriak heltzen zaizkigu azken boladan. Urte hasieran banatzen diren urteko egutegietan Donostiako betiko komertzioak agertzea nahi dute, hiriak duen altxor bat izango bagina bezala, eta urteko gainerako hilabeteetan gurea bezalako denda eta taberna zaharrak bata bestearen atzetik desagertzen ikusten ari gara, instituzioek beste aldera begira txistu egiten duten bitartean. Halaxe gaude, beraz, ez dakigula hiriaren harrotasuna ote garen edo benetan traba besterik ez dugun egiten.
Hala bada, esan lasai eta kenduko gara paretik, e? Benetan, guk ez dugu arazorik, edo beharbada bai, baina gehienez ere gure arazotxoak dira eta ez ditugu gehiengoaren nahiaren aurretik jarriko. Zeren hori baita garrantzitsuena demokrazian, gehiengoaren nahia. Eta hemen argi dagoena da gehiengoak hauxe entzun nahi duela: Zara eta Mangoren doinuak eta turistek Parte Zaharretik paseatzean egiten duten txin-txin hotsak. Bai, ezta? Gehiengoak hori nahi du, eta bide hori urratzen duten politikariak hautatu ditu horretarako. Non dago arazoa, orduan? Ez dago arazorik.
Bueno, bai, hor daude betiko lau katuak, denagatik kexaka. Metroa? Ez. Erraustegia? Ez. McDonalds Bretxan? Ezta ere. Ezetzaren Koordinakundea. Baina esandakoa, lau katu besterik ez dira, eta gero eta zarata gutxiago egiten dute gainera. Donostiarren gehiengoak ez du arazorik aurrera garamatzan hiri-modu honekin. Ezta? Beti aurrera! Erabat ZaraMangoz betetako Donostia izango dugu laster, gutxi falta da. Eta animo! Lortzen ari gara-eta Europako eta mundu zabaleko beste edozein hiri bezain kosmosuperpolita izatea!
Eta hizkuntzarekin ere berdin, gero eta gehiago izango dira haien seme-alabei ingelesez hitz egiten dietenak: “Julen, share the ball with your brother”, edo “do you want an icecream, Ainara?”. Horrela bai, gustua ematen du hiri honek. 40 urteko urperatze linguistikoa bere emaitzak ematen ari da azkenean.
Proposamen batekin bukatzeagatik, Euskararen museo bat egin lezake udalak Parte Zaharreko txokoren batean, Basque Language Museum edo halakoren bat, eta, ondoan, karpa baten azpian adibidez Local Commerce Museum bat. Azken finean gure nortasunaren parte dira bata zein bestea, ezta? Basque Identity!
Ines, Marga eta Gotzone Matxiarena Aldalur
ESKULANEN ETXEA