Transfobiaren aurka, gure amorrua erakutsi
Martxoaren 31 Trans Ikusgarritasunaren Eguna da. Hala ere, gaur egungo testuinguru neoliberala begiratzean, hark dakarren faxismoaren gorakadarekin, eta feminismo abolizionista trans baztertzaileek instituzioetan gero eta toki gehiago dutela ohartzean, ikusgarritasuna nahikoa ez dela agerikoa da. Egun hau Trans Amorruaren Ikusgarritasun Eguna bilakatu behar da, gure haserrea antolatzeko borroka eguna.
Azken hilabeteotan, hainbat talde trans baztertzaile, hala nola Feministas al Congreso alderdia eta Babestu-Proteger elkartea, bai Bilbon bai Donostian hitzaldi transfoboak egiten saiatu dira. Bilboko hitzaldia bertan behera uztea lortu zen, antolakuntza eta presio herrikoi transfeministaren bidez. Donostian, aldiz, hitzaldia burutu zuten, baina Asanblada Transmarikabolloak, Ehgamek eta Gipuzkoako Trans Asanbladak, hau da, Donostiako E28 Koordinadorak deituriko elkarretaratze bati esker, jende mordoa elkartu zen hitzaldiko ate aurrean transfobiaren kontra zarata egitera. Hitzaldi horiez gain, aurten, Martxoaren 8ko manifestazioetan hainbat bloke transfobo atera dira kaleetara. Horren aurka argi erantzuten du transfeminismoak: ez dugu onartuko transfobiarik feminismoaren izenean eta ozen eta gogor erantzungo diegu.
«Ez dugu onartuko eraso gehiagorik, lehenengo lerroan egongo gara borrokan. Ikusgarritasunak ez digu ezer ematen, eta amorruaren indarra antolatzeko erabiliko dugu»
Eraso horiekin batera, Bilboko Gurutzetako Genero Unitatearen transfobia salatzen jarraitzea behar-beharrezkoa da. Trans legea onartu zenetik bi urte pasatu diren arren, trans pertsonek, oraindik, indarkeria medikoa eta patologizazioa jasotzen dugu instituzio horrengandik. Hormonak nahi baldin baditugu, psikiatra batengandik igarotzera behartzen gaituzte oraindik, nahiz eta legeak debekatu egiten duen. Medikuek, gainera, ez dute gure ongizatea bilatzen, prozesu guztia moteltzea baizik, eta harekin jarraitzeko indarrik ez edukitzea.
Aurtengo Trans Amorruaren Ikusgarritasun Egunean, biolentzia transfoboarekin bukatzeko antolatuko gara. Bilbon, Genero Unitateari salaketa masiboak egitera deitu dute Loratuz Lotu eta Sumintrans kolektiboek, Gurutzetako ospitalearen atean. Donostian, goizez zein arratsaldez, hainbat ekimen antolatu eta elkarretaratzetara hurbiltzeko deia egin dugu bertako eragileok, eguerdian unibertsitatean eta arratsaldean Bulebarrean. Ez dugu onartuko eraso gehiagorik, lehenengo lerroan egongo gara borrokan. Ikusgarritasunak ez digu ezer ematen, eta amorruaren indarra antolatzeko erabiliko dugu, jasaten ditugun indarkeriei aurre egiteko.
