Trenak eta XXI. mendea
Badirudi lau urte pasatu direla, Toledoko Urda herrian tren istripua izan zenetik, baina ez da hilabete ere igaro. Harrigarria da nola desagertzen diren hedabideen dianatik, bat-batean, mundua geldiaraziko dutela diruditen albisteak. Gezurra dirudi nola irensten duen ahanzturak 69 hildako eragin zituen istripua, telebistako aurkezle bat totelka ikusi genuelako edo euskal selekzioak Venezuelari bat eta zero irabazi ziolako. Baina hori ez da gaurko gaia.
Kontua da istripuaren ondoko egunetan, telebista kateetan emankizun bereziak bata bestearen atzetik programatzen zituztenean, min eta harridura hitzak baino ez zirela entzuten. Zaila egiten zait ulertzea, nola bizilagunaren izena ere ezagutzen ez dugun garai hauetan, ehunka kilometrora hil diren pertsona anonimoen heriotzak horrelako samina sor dezakeen. Uste dut, batzuetan, hildako horiekiko penak baino, gu horietako bat izan gintezkeenaren beldurretik sortzen dela sentimendu hori. Baina hori ere ez da gaurko gaia.
«Hobe genuke onartzea sortzen dugun guztiak egingo duela huts noizbait eta, azken finean, ez garela hilezkorrak»
Izan ere, aipatutako hurrengo egun horietan, gehien entzun nuen esaldiak horrelako zerbait esaten zuen: «Nola da posible, XXI. mendean horrelako gauzak gertatzea?». Bada, sentitzen dut, baina ez da soilik posible, berriz ere gertatuko da. Begira, gizakiak inperfektuak gara eta, beraz, are inperfektuagoak dira gizakiok sortzen ditugun makinak. Eta honekin ez dut esan nahi segurtasun sistemak hobetu behar ez direnik eta arduradunek egindakoagatik edo egin ez dutenagatik erantzun behar ez dutenik; baina, uste dut, hobe genukeela onartzea sortzen dugun guztiak egingo duela huts noizbait eta, azken finean, ez garela hilezkorrak.
Gogorra da hori onartzea, eta, agian, ez ginateke hobeto biziko onartuko bagenu, baina, gutxienez, errealistagoak izango ginatekeela uste dut.
Zaindu.

