'Ukitu dute'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Ekainaren 21eko Txulotik txokoan Illarra ez dela ukitzen idatzi nuen titularrean. Bada, mutrikuarra ukitu dute. Realeko presidente Jokin Aperribairi zuzendu nintzen iritzi artikulu hartan, bere hitza bete zezan, aste batzuk lehenago etxeko jokalari baliagarrienak saltzeko asmorik ez zutela esan baitzuen. Eta Aperribairen jarrera txalotzekoa izan da, gauzak zail jarri baitizkie zuriei, diruarekin edozer gauza eros daitekeela uste duen klub ahalguztidunari.
Kontua da ez nuela uste Real Madril Illarramendiren klausula ordaintzeko 30 milioi euro jartzeko prest egongo zenik, are eta gutxiago egungo egoera ekonomikoan; eta hara non, 30 milioi euro bakarrik ez, diru gehiago ordaintzeko asmoa erakutsi du.
Ez nuen uste ere Illarramendik horren denbora gutxi beharko zuenik Madrilera joateko nahia aitortzeko eta bere kontratua akordatzeko, gaztea izanik aukera gehiago izango lituzkeelakoan. Realarekin eta realzaleekin Europan barrena bidaiatzea Bigarren Mailako zeharkaldia egitea baino erakargarriagoa da, eta Mikel Aranburuk eta Xabi Prietok ezetz esan zieten zenbait klubei talde txuri-urdina jaitsi zenean. Hortaz, gutxienez urtebete gehiago hemen jarraituko zuela pentsatzea ez zen horren burugabea.
Bazkalordua da, eta Illarramendik denboraldi-aurreko lehen entrenamendu saioa osatu berri du. Zutabe hau argitaratzen denerako agian dena argituta dago eta Illarramendi zuria da dagoeneko. Zubietan entrenatzen hasi eta Madrilen prestaketa bukatu, denboraldi berriari ekiteko… Xabi Alonso egunotan egiten ari den bezala. Azkenean, arrazoia eman beharko diet Illarra tolosarrarekin alderatzen zuten horiei.