
Urteak ziren arraultza frijiturik jaten ez nuela. Azken oroitzapena, egin nuen nire lehen arraultza frijituan dut kasik. Ondo gogoan dut gainera. Lagun zahar batekin, festeetan gaupasa egin eta etxera lotara gentozela, zeozer gosaldu behar genuela eta, arraultza frijituak prestatzea pentsatu nuen. Ez nengoen gauza asko pentsatzeko moduan baina, horixe okurritu. Olio kopurua izan zen gure eztabaida gaia arraultzak irekitzerako. Gutxi bota nuela, gehiago behar zela… lehen aldia zen. Zuriak, zuritik gutxi zuen… eta gorriak…gorriak pasa zituen bere kolorea topatzen.
Kirolariontzako ere, ez da gure menuko jakia izan ohi. Gogoan dut 17 urte nituela, odol analitiken emaitzak ikusita, kirol medikuak tortila gosaldu nezan gomendatu zidala. Tortilak baina, hiru zuringo eta gorringo bakarra behar zuen. Gogoan dut oraindik ere, amak, gosari hori presta nezan nire gaitasunaz fido ez eta, mimoz prestatzen zizkidala tortila zuri-zuri horiek.
Normalean, zuringoak eta gorringoak nahastuta izan ditut nire zartailan dantzan. Inoiz patatak lagun, edo urdaiazpikoa, gazta… baina zuringo eta gorringoa nahastuta, beti nahastuta.
Azken aldian baina, zartailan olioa berotzen jarri eta, goxo goxo etzaten uzten dut ahutsi berri den arraultzetik datorren gorringo eta zuringoa. Zuriak, gorria nola babesten duen begiratzen geratzen naiz; olioa, udaberriko euriaren pare, gainetik bota eta… umea sehaskatik bezela platerean ipintzen da goxo.
Lehen nahastu egiten nituen bata eta bestea. Ez nituen ondo bereizten. Edo akaso ez nituen bereiztu nahi. Orain berriz, bien edertasunaz gozatzen ari naiz. Zuriaren eta gorriaren edertasunaz, zuringoaren eta gorringoaren.
Inor harrituko da, gaur ere, guzti hau irakurrita. Zer egingo zaio ba! Gauzarik sinpleenean ere, gauza asko eta ederrak ezkutzatzen dira.