'Aurkezle'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Donostiako udaleko euskara zerbitzuak, kirol eta kultur aurkezle lanaren inguruko ikastaroa ematen hasi da orain hilabete. Mezu elektroniko mordoa jaso nuen ikastaro honen berri emanez. Lankide ohi eta lagun zenbaitek bidali zidaten ikastaroaren berri ematen zuen esteka. Urtarrilean hasi eta martxoa bitarteko larunbata goizetan ziren, eta dira, ikastaroak. Entrenamenduak direla eta, ordu/egun onenak ez dira niretzako. Baina, bizitzan, eguneroko galdera izan ohi da “zer ote onena niretzako?”. Erantzun zehatzik gabeko galdera da hau. Eta eskerrak. Zer da ona? zer da onena? ez naiz honen erantzuna bilatzen hasiko. Finean, gure hizkuntzak galdera hau ez-deusa bihurtzen baitu “hobea” hitzarekin. Onaren gaindi, hobea baitago! Eta ez dakit, baina entrenamenduak ikastaro honengatik uztea hobea zela deliberatu nuen. Dozenatik gora lagun biltzen gara ikastaroan. Jende interesgarria dut ikaskide eta irakasle. Batzuk ezagutzen nituen, beste batzuekin ezusteko atsegina hartu dut. Zenbaitek, ezagutzen ninduten. 1997an igo nintzen lehengoz oholtza batera gaiak jartzeko. Geroztik, plaza asko egin ditut. Aurrekoan, kalkulu azkar bat egin eta, gutxi-gehiago, 300 saio aurkeztuko nituen jada. Ez dakit, eskarmentuduna izateko aski plaza ote den. Baina, plaza kopuru hau, zenbaitentzat, badirudi badela ikastaro hau egiteko beharrik ba ote dudan galdetzeko aski motibo. Eta egia da, beharra eta nahia ez doazela beti bat. Askotan, nahi ez duguna egitea behartuta gaude. Bestetan, behar ez duguna nahi dugu. Nik, ikastaro hau egin nahi nuen, ikasteko behar hori sentitzen dudalako. Eskarmentuak baina, dakizun horretan gertatzen diren ez-usteko horiei egoki aurre egiteko balio dute. Halako ikastaroetan baina, ez dakizkigun horiek bilatzeko nahia dago… bilatzeko beharra, nire kasuan. Aurkezle lan berri batzuk probatzen hasteko aukera ematen du. Ikastaroko lagunen mikro aurreko jardun bakoitza da, norbere lurrean den hazia ereiten lagunduko duen ur tanta. Itsaso eder bat sortzen ari gara ikastarootan, tontamentian! Ez dakit aurkezle onak aterako diren bertatik… baina aurkezle hobeak irtengo garela, bai!

