
Bularren hegoalde eta gerriaren iparraldean zauden eremu horri jarriko dizkiot hitzok. Batzuk lodi, besteak hobi… puztuta edo hustuta… txokolate edo odolki… beltzaran edo zuri… hitzok, zuri idazten dizkizut, sabel!!
Zure jiran dantzan jarriko ditut hitzak. Sabel hitzak dantzan eta sabel dantzak hitz.
Orain arteko nire zutabeak idazteko, bihotza izan dut arkatz. Eta inoiz, burua teklatu ere. Inoiz, loa ere, paper gainean esnatu zait . Inoiz, malkoek ere, lehortu dituzte boligrafo tinta gehiegidunen marrak.
Gaur, sabelak du batuta. Sabelean batuta ditudanak irtengo zaizkit hitz bihurtuak.
Buruko minak sortzen dizkigu lanak, eztabaidak eta gauzak uste bezela ez sortzeak. Bihotzeko mina sortzen dizkigu berandu emandako besarkadak, muxurik gabeko agurrak eta norbere mapan GPSa erabiltzea.
Bihotzean dugun hori bota behar omen da. Buruan dugun hori atera behar da. Bihotzean eta buruan dugun hori azaleratu ezean, ito egiten omen gara. Sabeleko itsasoan itotzen dira horiek denak.
Sabelean biltzen zaizkigu enbatak, borraskak eta iraileko ilargi beteak. Buruko minak, nekatu egiten du. Bihotzeko minak, tristetu egiten gaitu. Zenbait min potrotarainokoa sortzen digu baina… Sabeleko minak? Sabeleko minak garrasi egiten du txalapartaren pentagraman.
Inoiz, egon izan gara ispilu aurrean, sabelak zein arpegi duen jakin nahiean. Ahaztu egiten dugu baina, sabelak, bere begitxotik gure arpegia begiratzen duela.
Azken urteetan, sabelak parte hartzen dute nire elkarrizketetan. Eta ez gehiegi jaten dudalako, ez babarrunak daudelako nire menuan.
Ez, ez.
Burukomin eta bihotzeko min guztiak, sabelean bildu direlako. sabelak, ikasi du ahozgora. Ez dago mutu.
Gaurko zutabe honek, ez du buruko filtrorik pasa. Gaurko zutabeak, ez du taupaden erritmorik segitu. Gaurko hitzok, logopedan hasi berri den tripak idatzi ditu.