Uxue Arzelus: 'Kontu kontari'
Istorioekin hazi eta hezi gara. Txikitatik bizitu ditugu istorioak. Purea jan bitartean kontatzen zizkiguten, baita medikuaren kontsultan zain geundenean ere. Palomitaz beteriko kaxa batekin zinera gindoazenean irensten genituen eta ohera joan aurretik erregutzen genituen “5 minutu gehiago” horietan ere, telebistak eskaintzen zizkigun istorio debekaturen baten lekuko ginen. Hala, amonaren etxera joan behar zuen neskatila baten abenturak bizitu ditugu, begi bakarra zuen gizon handi batekin izutu gara eta arte martzialetan oso trebea zen gazte japones bati lagundu diogu zazpi bola bilatzen. Tamaina guztietako munstro eta piztien aurka borrokatu dugu, misteriorik zailenak argitu ditugu, baita abentura arriskutsuenak bizi ere.
Irakurri eta ikusi ditugun ipuin, filme, liburu, telesail eta antzerki guztiek barnean daramagun idazle, gidoilari eta dramaturgoak elikatu dituzte eta, pixkanaka ipuin kontalari bikainak bihurtu gara. Horrela, izan dugun azken ametsa zine esperimentalarekin parekatu genezake, autobusean entzun dugun elkarrizketa kontatzean dokumental sozial baterako lehen urratsa ematen dugu, eta eskolan, lanean, gurasoei, lagunei kontatzen dizkiegun gezur txikiek zientzia fikziozko eleberri bat osa lezakete. Istorioekin hazi eta hezi gara, bai, baina oraindik ipuin asko dugu bizitzeko.