'Bidegorrietako arriskuak'
Xabier Arzelus, idazlea
Donostian bizikletarien eta oinezkoen artean zegoen tentsioa baretzen hasia dela iruditzen zait. Badirudi udaletxeak bidegorrietatik kanpo behar ez bezala dabiltzanen aurka hartutako neurriek ondorio onak izan dituztela, arauak errespetatzen ez dituzten gutxi batzuk oraindik badira ere. Bizitzaren beste arlo askotan gertatzen den bezala, zigor mehatxuak izan dira azkenik borroka «urbanita» honetan ere arazoa bideratu dutenak. Lastima azkenean isun-mehatxua izan dela oraingoan ere efektiboena. Penagarria eta harrigarria iruditzen zait bizikletari askorengan sarritan nabari izan dugun hausnarketa eza, egunero txirrindua erabiltzen dugun guztiok izaten baikara egunero oinezko. Eta, oinez goazenean, ez zaigu gustatzen bidegorritik kanpo dabiltzan bizikleteroen errespetu eza, batez ere kontuan izanik edozein kolpek min handia egin dezakeela adineko pertsonengan zein haurrengan. Halere, bizikleteroen eta oinezkoen arteko liskarra –antza– baretzen hasi bada ere, oraingoan “borrokak” bidegorrietara pasa direla iruditzen zait. Alde batetik, lehen oinezkoen artean inolako errespeturik gabe zebiltzanen portaera bidegorriak erabiltzen ditugunon artera pasa delako. Eta astaputz horiekin bidegorria konpartitu beharrak istripu arriskua ere areagotu du bidegorritan. Guztiok dakigu bizikleten oreka hauskorra dela oso, eta bidean aurkitutako edozein oztoporen edo arazotxoren menpe dagoela. Ez dirudi, antza, bizikletero batzuk antzeko pertzepziorik dutenik, bidegorritan beste bizikletariak nola aurreratzen dituzten edo aurrez datozenak bat-batean nola geldi arazten dituzten ikusita. Badago, bestalde, beste arazo bat: bidegorrietan, bizikletaz gain, gero eta gehiago dira egunero aurkitzen ditugun gaztetxoen eta hain gaztetxoak ez direnenen skateboardak, adin guztietako patinatzaileak, haur txikien trizikloak, Txitak, footing egileak, ezinduen ibilgailuak… Ez dut esaten hauek guztiek ez dutela bidegorriak erabiltzeko eskubiderik –egia esateko, ez dakit gai honetaz arauek zer dioten– eta, ezinduen kasuan, esaterako, bidegorriak erabiltzeko eskubide osoa izan behar dutela pentsatzen dut. Beste kasu batzutan, ordea, – skateboard-arenean, esaterako– arazoa aztertuko nuke, ez baitzait iruditzen skateboard horiek guzpilezko taula kontrolagaitzak “ibilgailu” direnik, gune babestu eta berezitan erabiltzeko jolas gailu dibertigarriak baizik.


