Xabier Arzelus: 'Gerrako kriminalak'
Datorren Abuztuaren 31an beteko dira bi mende ustez “aliatuak’’ zirenek Donostia ia erabat suntsitu zutenetik. Gaur arte, gertakizun haiek oroitzeko antolatutako ekitaldi berezietan- 1863, 1913 eta 1963 urteetan prestatutakoetan, bereziki- militarrak izan dira protagonista eta mende t’erdi behar izan dugu dinamika hori hausteko. Nire aburuz, heldu zaigu donostiarroi gertakizun haietan goi mailako militarrek izan zuten jarrera salatzeko garaia. Wellington, Graham eta Castaños izan ziren, hain zuzen ere – historialari askok diotenez- sarraski izugarriaren erantzule nagusiak. Wellington eta Graham britainiarren kasuan, Donostiako populazioaren aurka indarkeria handienak egin zituzten soldadu britainiar eta portugaldarren egintari nagusiak izan zirelako eta, Castañosen kasuan, espainiarren “aliatuen’’ basakerien aurrean itsuarena egin zuelako.
Aipatu bezala, Abuztuaren 31kin lotutako data berezi bakoitzean kontraesan izugarriak gertatu izan dira. Garai bakoitzeko kronistek ekitalditan militarrek izan oi duten protagonismoa azpimarratu dute. Musika banda militarrak, soldaduen desfileak, militar buruak tribunetan egoteak ohizkoa izan dira antzeko “omenaldietan’’. Har dezagun, adibidez, 1963. urtean antolatutako programa: ekitaldietako protagonista nagusia Muñoz Grandes kapitan generala izan zen, Gobernuko Presidente ordekoa, Francoren ordezkari bezala Donostiara etorri zena Egitarauaren zutabe nagusia Ingalaterra, Frantzia, Portugal eta Espainiako soldaduek Donostiako kaleetan zehar eginiko desfile zaratatsuak izan ziren. Donostiako kostaldeko uretan ere Estatu horietako gerrauntziek – urpekuntzi pare bat barne- parada bat egin zuten. Nicolas Lasarte alkateak, bere aldetik, “Mendeurreneko Domina’’ eman zion Madrilen Britainia Haundiko enbaxadorea zenari eta honek pozik hartu, bere hitzetan dominak “ lau naziotako gizonen heroismoa’’ ezagutzen zuelako. Gazteluan eginiko ekitaldian, lau nazioetako militarren “ lagunartekotasuna’’ azpimarratu zen eta Donostiako hiriari– jeneroski eta eskuzabaltasunaz !- “omenaldia’’ eskaini zioten.
Gaur, ordea, 1813an Donostian gertatu zenari buruzko ikuspegia oso bestelakoa da eta, azkenik, militar haien guztien biktima nagusiak izan ziren donostiarren – eta batez ere emakumezkoen- protesta eta salaketa oihuak izango dira protagonistak. Bestalde, aurtengo ekitalditan ez dugu sarraski haren erantzuleen ordezkaririk txalotuko. Aregehiago: bide beretik aurrera eginik, donostiarrok Wellington, Graham eta Castaños donostiarrontzat gerrako kriminalak izan zirela salatzeko aukera izan beharko genuke. Salaketa bideratzeko bideetako bat donostiarron artean firma bilketa bat antolatzea izango litzake, izenpetutako testuan aipatu militar buruek hiritar zibilen aurka izan zuten jarrera ankerra salatuz. Datorren Abuztuaren 31aren inguruan, bildutako firmak Britainia Haundiko eta Portugaleko enbaxadetara eta Gobernu espainiarrera bidaltzerik balego herri salaketa honen helburua lortuko litzake, hain zuzen ere, donostiarrok ez dgula aurrerakoan gerrako kriminalik zurituko ezta ere gutxiago txalotuko, aurreko ekitaldi berezietan tamalez honela gertatu izan bada ere.
