'Aizkora eta arbola'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Azkenean, gure lagun Xabi Vazquezek arrazoia izango du. Orain dela pare bat aste txoko honetan esan zuen Realak bere gain hartu beharko lituzkeela taldea animatzeko egiten dituen bidaien gastuaren ardura, eta, emaitzak ikusita, ez litzateke inbertsio txarra izango. Izan ere, Anoetako goxotasuna utzi eta mundura ateratzen den bakoitzean hiru puntuak ekartzen baititu gure Xabik –baita aje galanta ere, baina hori beste kontu bat da–. Halaxe gertatu zen Malagan eta Zaragozan, eta halaxe gertatu da katedralean jokatutako azken derbian.
Ez dakit, agian Realzaleok crowdfunding kanpaina bat egin beharko genuke Xabiren bidaiak ordaintzearren… Kerobiakoek beraien azken diskoa argitaratzeko adina diru lortu bazuten, agian guri ere komeniko litzaiguke «Reala non, Xabi Vazquez han…» kanpaina bultzatzea… Baten batek leporatuko dit garrantzia handiegia ematea Xabiri, koipekerietan ari naizela eta korporatibismoa ari dela lerro hauek idazten, eta agian ez zaio arrazoirik faltako. Azken batean, esker oneko agertu behar baitut Xabiren aurrean.
Esan nuen, esan nuenenez, zalantzak nituela Realaren sailkapenari zegokionean. Idatzi nuen, idatzi nuenez, ez nuela ikusten taldea zortzigarrenetik postutik gora, agian horixe zela gure tokia, linboa, jaisteko postuetatik urrun baina baita Europatik urrun ere. Zalantzak nituen, bai jauna! Eta orduan, Xabi Zaragozara joan zen eta, ttak, hiru puntuak ekarri zituen. Eta Bilbora joan da eta, ttak, hiru puntuak poltsikora
Egia esan, esku-eskura utzi nion Futbologia idazteko aitzakia. Niri egurra ematea zuen aukerarik onena eta baita errazena ere. Alabaina, ez zuen egin. Ez zidan esan oker nengoela, Realak nik uste baino talde hobea duela eta konfiantza handiagoa izan behar nuela gure mutilengan. Erraza zen, baiki, arbola ustelean erraz sartzen baita aizkora, baina ez zuen egin. Realak San Mamesen nola, jaun zintzo baten moduan jokatu zuen eta hori eskertzekoa izaten da. Ez dakit nik gauza bera egingo ote nukeen…

