Xabier Etxaniz Rojo: 'Aldaketa, mister '
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Bai, ene lagunok, aldaketa eskatu dut. Uste nuen gai izango nintzela partida amaitzeko, baina oker nengoen eta, gauzak horrela, hobe zelaia uztea eta beste jokalari batek nire tokia hartzea.
Ez dizuet gezurrik esango: nekatuta nago. Kontrakoa esatea zuei zor dizuedan begirunea galtzea litzateke batetik eta, bestetik, errealitateari atzea ematea. Izan ere, zuek zeuek ikusten duzue jada ez naizela behinola izan nintzena, jada idatziak ez zaizkidala lehen bezala ateratzen, neuronak jada ez ditudala lehen bezain azkar mugitzen.
Zahartu naiz eta ezkutatu nahi izatea begi-bistakoa dena ukatu nahi izatea bezain alferrikakoa da.
Gogoan ditut –barka bekit nostalgia puntua– hemen hasi nintzeneko urteak. Orain baino iaioagoa nintzen, orain baino azkarragoa, eta gaztetasunak ematen duen ausardia nerabilen oinetan. Meloi itxurako ideia bat zerutik jaitsi, berau kontrolatu eta zelaira jaisteko gai nintzen, erraz jaitsi ere. Alboko marratik galtzear zegoen metafora berreskuratu eta penalti puntuan jartzen nuen aurrelariak buruz erremata zezan. Zutabeak Panenkaren estiloaz jaurtitzen nituen eta ez zidaten bakar bat ere gelditu, harik eta atezainak zutabe haiek harrapatzen hasi ziren arte… Ez nau harritzen.
Izan ere, hamar urte izan baitira Irutxuloko Hitzaren elastiko zuri-urdina janzten. Hamar urte Aritz Gorrotxategi poeta handiak zelaiaren erdian bere tokia utzi zidanetik. Harez geroztik, era askotako uneak pasa ditut Futbologia honetan: Championsera joan ginen behin, Europa Ligara beste behin, Bigarren Mailara jaitsi ginen –eta bai, egia da: beste talde batera joateko eskaintzak izan nituen, onartu ez nituenak–, partida txarrak jokatu genituen, partida onak eta erdipurdikoak.
Eskerrak eman nahi dizkiot Irutxuloko Hitzari nire karrera talde honetan egiteko aukera emateagatik eta zuei, zaleoi, beti hor egoteagatik.
Ahh, eta Kiko Casillas-i, Espaynoleko atezainari joan den igandean egin zidan opariarengatik. Canalesi eman zion bai, baina nik badakit opari hura niretzat zela… Detaile polita, baiki, nire agurrerako.