Xabier Etxaniz Rojo: 'Espero zitekeena'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Anoetako azken derbi “keduna” izan zen joan den igandekoa. Luze gabe, Habanoak eta Fariak harmailetatik desagertuko dira eta ni neu pipa erretzetik pipak jatera pasako naiz, Facundoren ondorengoen pozerako, esan dezadan bidenabar. Ez, ez dut esango gaizki iruditzen zaidanik, baina tira, gure gizarte debekatzailearen norabidea ikusita, espero zitekeena baino ez da. Egia esan, aukeran nahiago nuke harmailetan ez erretzeko debekua Realak berak jarriko balu eta ez Eusko Jaurlaritzak, baina hauxe da daukaguna eta ez nik nahiko nukeena…
Harmailetatik zelaira jaitsi eta derbian ikusi genuena ere espero zitekeena izan zen. Reala ez dago etxafuegoak botatzeko moduan eta A-8ko beste aldekoak ere antzeko dabiltza. Joko handirik gabe, ateari begira antzu, bi taldeak gatibu dira: Athletik Adurizena eta -hauxe guri interesatzen zaiguna- Reala Velarena. Eta gauzak horrela, gorabehera askoko denboraldia izango da aurtengoa. Partida on baten atzetik, bi erdipurdiko etorriko dira, eta bi horien atzetik bi partida kaxkar. Eta horien atzetik oraindik “hobetzeko tarterik” badaukagula esango dugu, Madrildarren aurkako partidak “korritu beharreko ibilbidea” erakutsi zigutela eta “horra itzuli” behar dugula… Ez da nik nahiko nukeena baina hauxe da daukaguna…
Bada, ordea, espero ez zitekeen zerbait eta goraipatzea merezi duena. Izan ere, lehengo igandean, Sevillaren kontrako partidaren osteko prentsaurrekoan Gaizka Garitanok lehenengo hitzak euskaraz egin baitzituen. Kazetari euskaldunik ez zegoen han, baina hala ere, balorazioak euskaraz egin zituen Garitanok, jori eta jator egin ere. Non eta Sevillan! Ez dakit Arrasatek zein hizkuntzatan egiten zituen prentsaurrekoetako lehenengo hitzak baina susmoa dut gazteleraz egiten zituela eta euskara ez zela agertzen harik eta BERRIAko edo ETBko kazetariak agertzen ziren arte.
“Reala euskararekin bat” leloa generaman kamisetan orain dela ez asko. Eibarreko entrenatzaileak, ordea, kamisetan ez, ahoan darama euskara.
Eta hori bai, horixe nahiko nuke Realarentzat.