Xabier Etxaniz Rojo: 'Fedea'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Joan den astean Pedro apostolua sentitu zen bezala sentitu nintzen. Ondo dakizuenez, Jesus gurutzera eraman zuten gauean, Pedrok hiru bider ukatu zuen ordura arte maisu izan zuena. Jesusek jakinarazi omen zion horixe bera egingo zuela, egunsentia baino lehen hirutan ukatuko zuela haren izena, baina Pedrok sinetsi ez eta, handik gutxira, oilarra kantari hastean, damutu zitzaion…
Beno, ez dut bide horretatik jarraituko. Egia da futbolak –eta Realak, zer esanik ez– asko duela fedetik, baina Pedro eta Jesusen istorio horrek Goenkalek baino kapitulu gehiago ditu eta niri oilarrak bi mila karakteretara iristean hasten zait kukurruka.
Kontua da joan den asteko ostiralean hiru pertsona etorri zitzaizkidala galdezka.
Hi, Xabi, eta Moyes hau… zer? Aizak, Xabi, hik Moyes ezagutuko duk… Ona al da? Xabi, Moyes honek itxura ona dik… hiri zer iruditzen zaik?
Eta nik, Pedro apostoluak egin bezala, hirutan ukatu nuen Moyes jauna.
Ez nekiela erantzun nuen hiru bider, ez nuela David Moyes ezagutzen. Gezurretan ari nintzen, noski, ordurako ezagutzen bainuen gure entrenatzaile berriaren ibilbidea. Ordurako banekien Evertonen 11 urte pasa zituela eta lan bikaina egin zuela, eta ordurako banekien Manchester United-en urtebete ere ez zuela egin, kanporatu zutela Realak Arrasate kanporatu duen bezala eta, are, Moyesen Manchester hura ez zela gai izan Arrasateren Realari gol bakar bat ere sartzeko 180 minututan…
Zein Davis Moyes fitxatu dugu? Evertonen arrakasta izan zuen hura ala Manchesterren porrot egin zuena… ?
Atzera ere fede kontuaz hasi beharko dugu hizketan…
Larunbatean, ordea, nire iloba Josu izan zen entrenatzaile berriaz galdezka etorri zitzaidana, eta, une batez, bezperan izandako jarrerari eustea pentsatu nuen. Alabaina, iloba fedeaz eta erlijioaz dudan ikuspegia jakiteko gazteegia zelakoan, errazenera jo nuen.
Oso erraza da, Josu: gaur Deportivoren kontra irabazten badugu, Moyes entrenatzaile ona izango da. Galduz gero, berriz, entrenatzaile eskasa izango da…
Berdinketak puntu bat ekarri digu, bai, baina Josuk berdin-berdin jarraitzen du…