'Gauza bat dela eta bestea dela'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Bigarren itzuliko laugarren bidaia zen Getafera egin beharrekoa. Aurreko hiruretan, gauza bat dela eta bestea dela, porrotak baino ez. Eta Getafen, berdin. Bartzelonan, Realak espero baino partida txukunagoa egin zuen, baina Messiren gola dela eta Ifranen zein Griezmmanen hutsak direla, bukaeran porrota. Granadan, Mikel Gonzalezek aurreratu zuen Reala, baina Illarramendiren gehiegizko pasioa dela eta arbitroaren gehiegizko gogoa dela, bukaeran porrota. Eta derbiaz, zer esango dizuet ba, lehenengo zatian negargarri aritu ostean bigarren zatian lehoi pil-pilean hartu genuen postre, baina San Mameseko geometria aldakorra dela eta Mateu Lahozen pinganilloa dela, hirugarren porrota. Eta Getafen, hiru puntuak eskuratzeko pronto geunden, baina Velaren punteria eskasa dela eta Iñigo Martinezen zorte txarra dela, esku hutsik itzuli ginen etxera.
Eta galdera zera da: zer ondoriozta genezake honetatik guztietatik?
Beti bezala, nongoa den kazetariaren luma, halakoxea irakurketa.
Zure egunkariko helburua Realaren agintariek hartutako neurri guztiak goraipatzea bada, esan zenezake ezen arrisku hori duela lehen mailako talde gazteenetako bat zelairatzeak, edo, bestela, horrelako apustu ausartek horrelako gorabeherak dituztela zor. Eta egunkari horretako kazetaririk sutsuena izatera, esan zenezake ezen Montanier Guardiolaren edota Mourinhoren bide beretik doala. Azken batean, gauza bat dela eta bestea dela, bi horiek ere igandero-igandero lortzen baitute emaitza bera…
Ni ez naiz kirol kazetaria, Reala eta futbola –gehiago lehenengotik bigarrenetik baino– gustuko dituen idazle bat baino ez naiz. Eta, zorionez, kazeta honek –beste batzuek ez bezala– ez dauka helburu ezkuturik Realaren agintariekiko. Eta gero eta argiago daukat: Aurtengo Reala ondo jokatzen duen talde ahul bat da. Are gehiago, jokalari oso onak dituen eta gehienetan txukun jokatzen duen talde bat dauka.
Baina, batzuetan Montanier dela eta bestetan entrenatzailea dela…