Xabier Etxaniz Rojo: 'Objektiboki'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Nire lagun Felix sutan zegoen Sadarreko lehia amaitu eta gero. Hitz asko bota zituen lau haizetara, baina gehienak ez dira hau bezalako hedabide errespetagarri batean errepikatzeko modukoak. Laburpen txiki bat egiteko zera esango dut: Felixi kasu egitera, gure jokalariak oinez itzuliko ziren Iruñetik. Oinez eta –esan gabe doa– oinutsik.
Uste dut Gipuzkoa erdiak bat egingo lukeela bere eskaerarekin.
Ez dut esango arrazoi pittin bat ez duenik. Azken urte hauetako Osasunarik kaskarrena genuen aurkari –zorte apur bat beharko dute kategoriari eutsiko badiote– eta bi puntu utzi genituen Leitzarango autobidean. Okerrena zera da, pelikula ikusi dugula jada: partida ondo hasi, gol bat sartu, aurkaria baino hobea izan, bigarrena sartzeko aukerak eduki, golik sartu ez, eta hortik aurrera komeriak. Berdin du zein den aurrean dagoen taldea, lehenago edo geroago berdinduko du. Eta berdindu ostean, denok otoitz egiten markagailuan aurrea har ez dezaten…
Azken boladan Felixek behin eta berriro errepikatzen du ezen aurkariek ez dituztela puntuak jokoz irabazten: Realak berak galdu egiten ditu. Zeinek daki! Agian horretan ere arrazoiaren parte bat ere badu Felixek. Alabaina, nago batzuetan ahaztu egiten zaigula futbolaren mamia zein den. Ahazten zaigu edo ahaztu egiten dugu, nahita ahaztu ere, behin Champions-eko izarrak ezagututa zaila baita atzera egitera. Eta gauzak horrela, behinola saria zena orain zigortzat jotzen dugu.
Objektiboki, Realak Sadarren irabazi behar zuen. Baina ez zuen irabazi. Objektiboki, Osasunaren maila apalagoa da Realarena baino. Baina futbola objektiboa balitz, sailkapena aurrekontuaren araberakoa litzateke eta futbolak ez luke inolako graziarik izango. Objektiboa balitz, Sevillak Celtari irabaziko zion eta Valentziak Getaferi. Eta ez zuten irabaztea lortu. Zorionez. Izan ere, bihar Real Madrid baitugu bisitari. Ez dizuet esango zein izan beharko luken emaitzak objektiboki aztertuz gero.