'Tentuz eta mimoz'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Partida gaizki zihoan Anoetan. Mallorcakoek ondo asko zekiten zertan ari ziren eta gureak nahi eta ezinean zebiltzan. Teorian denek nahi zituzten hiru puntuak, baina praktikan Mallorcakoek ontzat jotzen zuten kortesiazko puntu bakar hori, eta Realakoek ezin hiruak eskuratu, eskura izan arren. Aranburu, trakets. Zurutuza, motel. Griezmman, baloirik gabe. Vela, baloia beretzat gordeta. Eta Imanol… ai, Imanol! Gizajoa krediturik gabe geratzen ari zen pixkana-pixkana, arazoa ez zela berea ezpada estrukturala –taldeak aukerarik sortzen ez badu, goleatzaileak nekez sartuko du golik– demostratu ezinik, orain arteko partidetan aukera gutxi huts egin dituela lau haizetara aldarrikatu nahian, noiz eta, hain justu ere, bi abagune argi alferrik galdu ondoren.
Ez, partidak ez zeukan itxura onik eta golik dastatu gabe etxeratuko ginela zirudien.
Orduan, 68. minutuan –baten batek galdetu beharko lioke gure entrenatzaileari ea zergatik egiten dituen aldaketa guztiak beti modu eta minutu berean– Montanierrek Pardo zelairatu zuen eta gauzak zeharo aldatu ziren. Ez zuen aparteko ezer egin, ez zuen berrogeita hamar metroko paserik eman, eta ez zuen golik sartu. Baina berarekin dena izan zen errazagoa. Askoz ere errazagoa. Agian oker nago, eta agian goizegi da horrelako balorazioak egiteko, baina zera iruditzen zait, Pardok baduela jokalari bikain orok izan ohi duen dohaina: ingurukoak hobetzen dituela, hain zuzen ere. Eta Prietok –sasoi onean dagoenean, behintzat– Carlos Martinez eta Griezmannek Cadamuro hobetzen dituzten bezala, Pardok inguruan dituenen jokoa ere hobetzen du.
Haatik, Pardok arazo handi bat dauka, konponezina epe laburrean eta, batzuen ustez, larria: 19 urte ditu. Eta berarekin piano-piano joan behar dugu, munduko talde guztiek euren jokalari gazteekin egiten duten bezalaxe.
Non leudeke, bestela, Muniain, Bojan, Neymar edota Messi bera, kirol arduradun arduratsu batek tentuz, patxadaz eta mimoz zaindu izan ez balitu…?