'Txori urdinaren legea'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Denbora luzean sare sozialei atzea eman ostean, badira hainbat hilabete Twitterren parte hartzen hasia naizela. Ez gehiegi, berez bainaiz lotsatia eta isila, baina bai maiztasun txiki batez. Ba omen dago txori urdinaren sarean idatzi gabeko lege bat zeinak gomendatzen baitu hausnartzea, ondo pentsatzea idatzi behar duzuna, eta ziber-espaziora ezer bidali aurretik birritan irakurtzea idatzitako hitzak. Eta ni, pertsona zintzo eta on puska naizenez, legeari men egiten dioten horietakoa naizenez, beti saiatu izan naiz legea zaintzen.
Agian horrexegatik ez nion @perkain-i erantzun ezen atsedenaldian egin zuen aurreikuspenaren hura -4 eta 1 galdu edo, bestela, 1 eta 4 irabazi- baikorregia zela -hala Levanterentzat nola Realarentzat- eta nik, aukeran, gustura asko sinatuko nuela berdinketa.
Eta, agian, horrexegatik ez nuen txiokatu bigarren zatiko hamargarren minutuan bururatu zitzaidana: Inork galtzekotan, Realak galduko du.
Hasi nintzen, baiki, txioa idazten. Haatik, mezu hura idazten ari nintzela zera pentsatu nuen, 140 karaktere horiek motz geldituko zitzaizkidala, leku gehiago beharko nuela azaltzeko sentitzen ari nintzena. Levantek ez zuen partida hura irabazi behar. Ez zen gauza handirik egiten ari, ez zen arriskurik sortzen ari, ez zen Zaragozak astebete lehenago erakutsi zuena baino askoz ere gehiago erakusten ari.
Eta, hala ere, galtzekotan, Realak galduko zuen partida.
Eta futbola zer den, idazten hasitako txio hura ezabatzen hasi eta handik gutxira Reala desagertu egin zen zelaitik, dimisioa aurkeztu zuen, atzera bueltarik gabeko dimisioa.
Zeinek daki! Agian @samuraitasuna-k arrazoi du: ukaezina da Reala tradizio sendoak dituen taldea dela. Agian, horixe da txuri-urdinaren legea: aurkaria edozein delarik ere, Realak beti egiten du egin behar duen guztia.
Anoetan, irabazteko. Eta Anoetatik at, berriz, galtzeko.
Eta Realak, ni bezain ogi puska baita, beti egiten dio men legeari.
Zintzo demonio egin ere!