'De la Bella eta hamar gehiago'
Xabier Vazquez, Realzalea
Badakizue, derbi eta partida garrantzitsuetan niri egokitzen zait Futbologia egitea. Anoetako derbia nik egin nuen, gogoratuko duzue agian, 12:00tan jarri ziguten eta nik protesta irmo eta sendoa egin nuen, izan ere gero arratsalde osoa pasa nuen Athleticen aurka galdu izanaren oroimenarekin. Protesta hari erantzunez, urte honetako derbia larunbatean eta 20:00etan jarri dute. Derbi baterako ordu txukuna; partida aurretik ondo pasatzeko aukera ematen dizu, eta partida ondoren ospatzeko, penak arintzeko ala hasarrearen hasarrez etxera joateko.
Ados, irrikitan izango zarete izenburuaren zergatia jakiteko. Egia esan, Xabier Etxanizek espreski debekatu zidan Griezmann eta 10 gehiago izenburua erabiltzea. Antza copyrighta eta guzti omen dauka, eta ez zatzaizuela inoiz bururatu idazle baten ustezko egile eskubideak zalantzan jartzea. Baina Griezmann jokalari erabakigarrienetakoa izan bazen ere, benetan pozik utzi ninduena Illaramendi izan zen. Esan ohi da taldean finkatzen ari den jokalariarentzat bigarren urtea oso zaila dela. Illarrari lesioak, kanporatze ulertezin bat eta beste traba batzuk zirela medio, kostatzen ari zitzaion maila on egonkorra lortzea. Larunbatean partida itzela egin zuen. Realaren une onenetan askok eman zuten maila ona, baina lehenengo zatian, partida berdinduxeago zegoela, Illarraren lana asko gustatu zitzaidan. Beharra du Realak defentsa eta erasoaren arteko oreka emango dioten jokalari horiek azal daitezen.
Baina izenburua De la Bella eta 10 gehiago da. Tranpa txikia da egia aitortu behar badut. Benetako izenburuak 10 eta De la Bella beharko luke. Izan ere harrobiko 10 eta De la Bellak hasi zuten hamaikakoa. Harro egoteko modukoa. Ohikoena Bravok jokatzea da, baita Velak edo beste jokalari batzuek ere. Baina ez ditu edozein taldek harrobiko zazpi jokalaritik gora izaten hasieratik. Are gutxiago Lehenengo Mailan.
Batzuen betiko galdera, «zer nahiago duzu harrobiko asko eta Bigarren Mailan ala kanpoko gehiago eta Lehen Mailan?». Ez didate, ordea, sekula hau galdetu: «Zer nahiago Bigarren Mailara jaitsi taldeare erdia baino gehiago harrobikoak ez diren jokalariekin ala Lehen Mailan mantendu egun gauden bezala?» Ez dut uste kausalitate garbirik dagoenik gai horietan, baina egotekotan, inoiz baino kanpoko jokalari gehiagorekin… Bigarren Mailara jaitsi ginela da.

