
Hiri honen neurria da metroa. Ordura arteko aho bateko lehentasunak puskatzen dituen proiektuan tematu dira batzuk. Beste batzuk, ordea, Garraio publikoa hobetu moduko leloen ordez
Metrorik ez bezalakoetan egoskortu dira, zer nahi dugun aldarrikatu ordez zer ez dugun nahi esatean.
PPk ekin zion, Bilborekiko kopiaz,
metro izenari. Ez ziren jabetzen Donostiak bazuela
metroa, auzoak lotzeko Renfe eta Euskotren lineak daude. Gascok berreskuratu zuen metro izena, pasante proiektu batekin. Hiri barruko maiztasunak hobetzeko Easoko geltokia moldatu beharra omen zegoen. Baina, hara non, hauteskundeak gertu, mirariz maiztasunak hobetu zituzten, inolako obrarik egin gabe. Ordutik, pasantearen aldeko argudio nagusia aldatu egin da: Euskotren Erdigunera eta Antiguara iristea.
Antigua eta EHUra iristea ona da; horretarako, ordea, zokoratu egin dira erabiltzaileon behar asko: maiztasunak, ibilbideen iraupena (etorri inoiz Eibartik trenez), Renfe-Euskotren lotzeko guneak… Eta, ironikoki, Altzan Easok omen duen arazo bera utzi dute. Gainera, ez zuten Donostiako (eta Gipuzkoako) autobus geltokia Euskotrenekin lotu nahi izan. Hala, donostiar (Intxaurrondo, Añorga…) zein Gipuzkoako ugarik izango zuten trenez bus geltokira etortzea. Eurentzat ez ezik, Euskotrenentzat ere sekulako pagotsa: erabiltzaile eta diru sarrera gehiago. Gascok zuzendutako ETS-k, baina, bere teilatuari harrika egin zion.
Guztiarekin, pasante proiektua gehiago egokitzen zitzaien Gascoren eta
Diario Vascoren propaganda beharrei ordu arteko lehentasunezko beharretara baino. EAJk kikilduta egin dio men proiektuari, Atotxako bus geltokiarekin egin zuen bezala. Tartean eraikitzaile eta espekulazio interesak badira. Alderdi on bakarren artean Euskotren Antiguara eta EHUra iristea da, behar zahar asko alboraturik.
Proiektua ez da, beraz, egokiena. Ez da, baina, batzuek nahi luketen erabateko hondamendia ere. Trenbide sarea zabaltzea, premia handiagoak egon arren, txarra ez da. Gainera, oposizioan ez da asmatu. Metrorik ez leloak Gascoren amua irensten du; izan ere, Altza eta Intxaurrondoko auzotarrei euren geltokiak metroa hitzaren baitan saldu zaizkie.
Pasantea ez ordez,
Metrorik ez esatean, askoren ustez, euren geltokiak kritikatzen dira.
Horregatik eta beste argudio batzuengatik, pasantearen aurkako mezu batzuek gehiago dirudite Erdigunekoen interesa, garraio publikoaren defentsa baino. Autobus zerbitzuak murriztuko omen dira, baina hori Donostiako Gobernuaren erabakia da, ez da matematikoa. Gainera, berriki Gipuzkoako Aldundiak Donostia herriekin lotzeko zerbitzu murrizketa iragarri du. Gipuzkoako beste herritarrekin batera garraio publikorik ez murrizteko aldarrikatu beharrean, Donostiako manifestaldiak pasantearen aurkakoak dira.
Lortzen ari garena zera da: inoiz garraio publikoa erabiltzen ez duten eta erabiltzaileen beharrei arretarik jartzen ez dieten politikari horiexek euren burua garraio publikoaren defendatzailetzat aurkeztea. Metroa da, bai, Donostiaren neurria.