Xabier Vazquez, Realzalea
Albiste on bat hurrengo bi partidetarako: ez dira astelehenean izango! (Beno, auskalo…). Eskerrak, ze astelehenetako Cuatroko partida hauek ez digute azken aldian zorte on handirik eman. Gainera esatari horiek jasatea ez da edozeini opa diodan atsekabea. Azken bi jardunaldietan behintzat talde guztiek batera jokatuko dute eta irratiak lehengo xarma berreskuratuko du, batetik telebistak egun duen partida guztiak botatzeko gaitasuna galtzen duelako, bestetik emaitzen berri ematen duten pantailak ez direlako ibiliko (beno, hori Anoetan nobebadea ere ez da).
Gaztetxo nerabe batzuk garenok (Etxaniz, ez deskojonatu) ez dugu irratiz bizi izan Realaren liga garaipen bat. Gure irrati oroitzapenak xumeagoak dira. Gutxiago (telebistak hartu duen indarra dela eta) eta xumeagoak. Baina oraindik buruan ondo gordea dudana Lehen mailarako itzulerako Getaferen aurkako partida hura da, non denok ziurtzat jotzen genuen bietako batek nahitaez zulora joan beharko zuela, ustekabean irratiak beste zelaietatik albiste onak ekarri zizkigun arte.
Bada, aurten Valentziari ari gatzaizkio begira, ala egia esan, eurak ari zaizkigu guri begira, pare-paretik, baina guk abaintzaila txikia dugula. Oso zail ikusten dut Reala laugarren geratzea, gen gipuzkoarra dudan seinale. Baina laugarren ala bosgarren izanda ere, gozatzeko denboraldia. Datorrenean izango dugu, ordea, erronkarik zailena, ez diot laugarren postuaren borrokan ibili beharko genukeenik, baina behintzat lehen hamarren arteko taldetxo horretan denbora batez egonkortzea eskatuko nuke. Ez dut esaten aste honetan bezala deskuidoan edo Ingalaterrako Ligan laugarren nor geratu den begiratzen aritzea beti (bide batez, Arsenal izan da), baina azken jardunaldietan «ea Europan sartzen garen» kezkarekin ibiltzea, eta ez «Getafek etxean irabazten badigu jai dugu».