'Hiru mezu'
Xabier Vazquez, Realzalea
Hiru mezu helarazteko profitatu nahi dut aste honetako Futbologia. Bai badakit Irutxuloko Hitza-k ahalegin handia egin duela nik neuk egin dezadan berriz ere derbiaren Futbologia, badakit asko kostatu zaiola nik dakidan bati sarrera bat lortzea (bide batez, mila esker J.), badakit faktore asko eman direla nik nire ohiko abileziaz igandeko partidaren deskribapen apart eta jakintsua egin diezazuedan. Baina sentitzen dut, berekoia izango naiz eta hiru mezuak helarazteko erabiliko dut tarte hau. Egia esan, lehen jasotzaileak ez dakit egunkari hau irakurriko duen, bigarrenak ez dut uste, eta hirugarrenek euskaraz ere ez dute jakingo ia ziur.
Bat, lehen zatian arerio bat lurrean zela «Pisalo, pisalo» abestu zuenari, ea zertan ari zinen galdetu zizuna neu naiz. Beno, has ninteke komentatzen lotsagarri samarra dela hori kantatzea eta ez litzaidakeela gustatuko guri hori kantatzerik. Baina, ez dut uste hau asko axolako zaizunik; beraz, arrazoi praktikoetara joko dut. Agian Bilbori gustua hartu zenion eta markagailuko Deia iragarkiari begira «gera gura badozu» joan Prosegurrekoengana erreteni zaitzan eskatzera. Baina zu, ez denak, zeren gero ikusi den moduan ez da askorik behar, kaskarin eta kaskobero batzuk elkartzea nahiko da, erru gutxien daukanak jasotzeko. Ez dut uste ezagutzen duzunik, baina komenta ezazu irteera ondoan azken bost minutuak istilu bila eman zituen beste mutilarekin.
Bi, bizkaieraz egingo nizuke bi kasu emango balira, bat nik jakitea, bi zuk jakitea, ze oso euskaldun itxurarik ez zenuen; «beti Surekin, athletic beti Surekin» kantatzen zuen ene lagun bizkaitarra. Bai, balio gabe utzi zuten gola ospatu genuenean, trufa egin zenigun hortaz ari naiz. Lehen golaren errepikapena ikusteko esan nizun, ez dakit egin ote zenuen, ezta ikusita ere arrazoirik ez zenuela konturatzeko gai izango ote zinen ere.
Hirugarrena, beno, hauei euren hizkuntzan esan beharko zaie, uler dezaten: «señores colegiados, vayanse a herrar anades y/o ansares y dejen de tocarnos el harpa».
P.D. Prosegurreko lagunok, nik partida bukatu bezain laster alde egin nuenez, ezin dizuet gauza handirik idatzi, baina klub honek protesta bat egin badu (marka da gero!) pentsatu ere ez dut egin nahi zer egitera iritsi zineten.

