Xabier Vazquez: 'Mixeriak'
Xabier Vazquez, realzalea.
Realak hiru partida izan ditu aurreko astean, horietatik bi etxetik kanpo. Santanderren 15 segundo jokatu zituen, Calderonen bigarren gola jaso arte. Bi zelai horietan une lotsagarriak bizi ditugun arren, prest nago onartzeko Racingek hunkigarria eskaini zuela.*
Sardineron ikusi genuenaren edertasun nagusia ez dago, nire ustez, jokalariek egindakoan. Zalantza dut jokalari berek berdin jokatuko ote zuten kobratuz gero. Oso duina deritzot euren eskubideen alde halako hordagoa bota eta azken ondorioetaraino eraman izanari. Bejondeiela! Baina are ederragoa iruditu zitzaidan zaleen jarrera. Oro har oso kritiko naiz futbol zaleekin, hots neu bezalakoekin. Ahalik eta gutxien ordaindu eta geure taldeetan jokalari onenak egotea nahi izaten dugu. Eta oso kritiko izaten gara jokalariekin, nahiz eta guk geuk geure egunerokoan ala ogibidean gauza berak ala okerragoak egin.
Racingen partidak horregatik harritu egin ninduen. Ez nuen espero halako babesa Kopako finalerdietara aurrera egiteko aukerari muzin egiten zioten jokalariei. Bistan da zaleek Racingeko presidentearen aurkako hordagotzat hartu zutela gaia eta afera euren interesen aldekotzat jo zutela. Ez da oso ohikoa jokalari eta zaleen helburuek bide berean bat egitea, eta horregatik bada ere, txiripaz izanda ere, ederra iruditu zitzaidan. Calderoneko ezer ederra izan zenik ez didazue aterako, ez bada Realak hiru puntuak irabazi edota Atletico desagertze bidean jartzen duen ezer. Futbol mailan hankapean hartzen bagaituzte, baina gutako inor erasotu edo iraindu gabe bueltatuta, gaitzerdi. Luis Aragones zenaren izena gogora ekartzen ari zirelarik behintzat ez zuten betarik izan gu iraindu edo Aitorren izena lokazteko. Aitor dela edo Sevillako jokalari zen Puertaz trufa egiteak futbolak eragin diezagukeen okerrena islatzen du, eta Calderonen oso ohikoa izan da.
Hori bai, ezin pentsa hori Manzanares inguruan soilik gertatzen denik. Geuk baditugu futbola beren izaeraren txarrena ateratzeko erabiltzen dutenak. Eta besteena bezain gogorki salatu beharko genuke. Frente Atleticokoak baino zer edo zer gehiago garela erakusteko behintzat.
*Oharra: inoiz inork inon hau idatzi izana gogoraraziko balit, Hitzako egoitza nagusian aste honetako futbologoen izenak tronpatu direla esango dut; ez dut onartuko Racingek une hunkigarririk eman duenik esan izana.