Xabier Vazquez, realzalea.
Dena poz dena algara izan genuen igande gauean Anoetan. Batez ere Agirretxek gol puska hori sartu zuenean. Xabi Prietoren penaltiekin nahikoa ez eta antza Agirretxe ere halako odol-hozkeriak egiten hasi zaigu. Kale egin izan balu belarriak ondo berotuko zizkioten usurbildarrari. Zentzu guztietan. Baina Agirretxeri nabari zaio konfidantzaz dagoela.
Badakizue, ondo ateraz gero konfidantza esaten zaio, gaizki ateratzen denean ausarkeria. Igandean, 70 minutuko denbora tartean, pertsona berari “este se cree Van Basten” eta “éste está con la confianza de Van Basten” esaten entzun nion.
Antzeko zerbait gertatzen da Montanierrekin. Batzuetan burugogorkeria dena bestetan tinkotasuna da. Onartu behar dut ez zaizkidala bere 11koak eta bere aldaketak gustatzen, baina neurri batean miretsi egiten dut zaleok esaten diogunari kasu zipitzik ez egiteko duen gaitasuna. Ondo ala gaizki, egindakoak hala pentsatzen dituelako egiten ditu.
Eta hor kokatzen da Markelen aldeko apustua. Aspaldiko partez denboraldi ona osatzen ari da, osatzen diot, lesio-eza lagun partidak pilatzen ari baita eta denboraldi oso samar bat egiten. Eta hor mailarik onena ari da ematen. Ez dakit jarraikortasunak, taldearen egoera onak ala entrenatzaileak duten zerikusirik, baina igandean sekulako partida egin zuen, eta horrelakoei esker nahiko aurka zeukan zale kopuru bat irabazten ari da.
Gauza bera gertatzen ari zaio, prozesu arras luzean, Aperribayri. Aurka zituen gehienak pixkanaka-pixkanaka irabazten da. Ez beste munduko ezer delako, baizik eta agian horrexegatik, gauza normalak egiten dituelako. Eta gauzak normal egiten baditu, klub honek baditu oinarriak gauzak txukun egiteko. Ez dut nik esango Reala “xalbatu” dutenik, baina gure 4 protagonistek badaukate gauza bat komunean. 4rek errepika lezakete Xalbadorrek bere garaian esan zuena:
“txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet oraindik”
p.d. Montanierren kasuan oraindik bigarren zati hori konfirmatzeke dugu.