Zenbat balio du gure osasunak? Zergatik egiten dugun planto Donostiako Metropolitanen
Donostia, askorentzat, «bizitza onaren» erakusleihoa da. Luxuak eta ongizateak arau diruditen hiri idilikoa. Donostiako Metropolitanen, gu gara erakusleiho horri eusten diogunak —begiraleak, harreragileak, fisioterapeutak, nutrizionistak, edertasun teknikarriak eta garbiketako langileak—. Hala ere, zentroko azken belaunaldiko makinen atzean, plantillaren errealitatea oso bestelakoa da.
Egunero, ehunka pertsona hartzen ditugu, oreka bila. Bitartean, han lan egiten dugunok baldintza eskasetan aritzen gara gure lanbidean. Gaur, nahikoa dela esan dugu. Greban gaude eta ez da arinkeriaz hartutako erabakia.
Gure protestaren motorra soldaten prekaritatea da. Paradoxikoa da estatuko hiririk garestienetako batean lan egitea, bizi kostu itogarriarekin, gure soldatak geldirik dauden bitartean. Ez dugu pribilegiorik eskatzen; Donostiako bizi mailaren araberako soldata eskatzen dugu. Jasanezina da hemen gure erantzukizuna eta ahalegina islatzen ez duten soldatekin bizitzea.
«‘Premium’ gimnasioa ezin da ‘low cost’ baldintzetan oinarritu. Soldata duin baten eta gure eskubideak betetzearen alde, Metropolitaneko plantillak nahikoa dela dio»
Prekaritatea ez da zifra bat soilik; oinarrizko eskubideak kontuan hartzen ez dituen kudeaketa baten ondoriozko agortzea da:
- Atsedenak ez betetzea: enpresak ez ditu kontuan hartzen deskonexio denborak, eta zerbitzuaren kalitatea eta gure osasuna arriskuan jartzen ditu.
- Irregulartasunak nominetan: desagertzen edo kamuflatzen diren legezko plusak ez ordaintzea salatzen dugu.
- Fitxaketak ezkutatzea: gure ordutegi erregistroan sartzea ukatzen zaigu, legea opakotasun osoz urratuz.
- Hitzarmen duina: Gipuzkoako errealitatearekin zerikusirik ez duen estatu mailako hitzarmen bat baztertzen dugu. Esparru propio eta duina eskatzen dugu.
- Elkarrizketa blokeatua: hilabeteak daramatzagu (baita urteak ere) behar horiek helarazten, eta isiltasuna edo ihesa besterik ez dugu jasotzen.
Nork zaintzen ditu zaintzen dituztenak? Enpresak ahaztu egiten du bere aktiborik handiena pertsonak direla. Greba hau guregatik eta sektorearen etorkizunagatik da. Maite dugun horretan lan egin nahi dugu, baina ez edozein preziotan. Errespetua, legezkotasuna eta justizia eskatzen ditugu. Premium gimnasioa ezin da low cost baldintzetan oinarritu. Soldata duin baten eta gure eskubideak betetzearen alde, Metropolitaneko plantillak nahikoa dela dio.


