Zenbat denbora ikusi gabe bikote
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Oraindik gogoan dut 2008ko abenduaren 16a. Klasera bidean kotxeko irratiak lau pertsona atxilotu zituztela esan zidan San Pedron eta Intxaurrondon, bi bikote. “Hauek ez dira izango” esan nion nire buruari. Baina 10 minutu geroago jaso nuen deiak baieztatu zidan sinetsi nahi ez nuena. Julen, Saioa, Arkaitz eta June guardia zibilen eskuetan zeuden. Ni etxean nengoela, nire gorputzeko zati bat ziegetan zegoela sumatzen nuen. Egunak pasa eta Saioa eta June etxera etorri ziren. Etxera etorri ziren euren mutilak han utziz. Muxu handi bat Saioa. Muxu handi bat June. Bi urte eta erdi hauetan bisitatzera jaitsi dira lagunak. Baina Espainiako Barne Ministerioak ez dit utzi Arkaitz eta Julen bisitatzera joaten. Oso arriskutsuak omen gara elkartzen baldin bagara espetxe barruan, kristal lodi bat bien erdian egonda, poliziaz inguraturik egonda… oso arriskutsuak gara. Baina urruntasunak ez gaitu banatuko. Kilometroak eta ukazioak tarteko astelehena iritsi zen eta bi urte eta erdi beranduago zuek ikustera joan nintzen Espainiako Audientzia Nazionalera. Zuen epaiketa ikustera jaitsi ginen ia hogeita bost pertsona. Baina bostek ezin izan zuten sartu sala beteta zegoelako zuzenbideko ikasleez. Ikasle horiek sudokuak egiten pasa zuten epaiketa, eta ehunka kilometro egin zituzten bostek ezin izan zuten sartu. Lotsagarria. Epaiketatik nahiko itxaropentsu atera nintzen frogarik ez zegoela ikusita. Itxaropentsu atera nintzen Iruin abokatuak egindako lan onarengatik. Itxaropentsu atera nintzen zuek animatuak ikusteagatik. Kotxean sartu eta etxera etorri naiz, zuek han utzita. Baina badakit bisita gehiagoren beharrik ez dugula izango. Espainiako justizia justua baldin bada laster ikusiko gara Donostiako kaleetan. Arkaitz, Banda Bassotiren beste kontzertu batetara joango gara nahi duzunean. Julen, porrarako beste izen bat pentsatzen joan “Musanbani komandoa” ez baita aproposa pasatakoa eta gero. Bueno bikote, laster egongo garelakoan, muxu handi bana. Maite zaituztet.