Zentro sozialista Egian, zertarako?
Pasa den apirilaren 3an aurkeztu genuen publikoki, hainbat hilabete ondoren, Donostiako Zentro Sozialista berria. Egiako Mundaiz kaleko eraikin hau Sukia eraikuntza enpresa handiak hutsik eta inolako erabilerarik gabe izan du urte luzez, zonaldeko plan urbanistiko berriarekin eraikinak behera bota eta garesti saldu ahalko dituen etxebizitzak noiz saltzeko aukeraren zain.
Hotel, pentsio eta espekulazioak agintzen duten hiri honetan proletalgoak etxebizitza bat lortzeko ezintasun kronikoa sufritzen du, eta lortzekotan, hiritik kanporatua izatea edo bizitzeko baldintza minimorik gabeko tokietara joatea kondenatua dago. Langile klasearen bizi baldintzak etengabe okertzen dituen krisi testuinguru honen (soldatak jaitsierak, prezioen gorakadak, askatasunen murriztea… agerian gelditzen diren testuinguruan) albo-kaltea da, hain zuzen ere, bizitzeko toki bat bermatua ez izatea.
Egoera horren erdigunean daude Sukia bezalako jabe handiak. Donostia zatika erosten dabiltza negozioa egiteko helburu hutsarekin, kapitalak beti egiten duen moduan. Berdin zaie hemen bizitzeko, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko, aisialdirako edo beharrezkoak diren baina errentagarriak ez diren beste mila gauza egiteko dagoen espazio falta absolutua. Eta horrexegatik ireki dugu Zentro Sozialista, lehenago Zumaian, Beasainen, Bilbon eta beste hainbat tokitan egin bezala.
Proletalgoak bere kabuz politika independentea egiteko baldintzak defendatzeko; hemen, hirian, baditugu adibide batzuk: beren soldata ordaintzen ez zieten hainbat langileei laguntzeko edo lan baldintzak defendatzeko borrokak martxan jarri dituen Laneko Autodefentsa Sarea, etxegabetze saiakeren aurka borrokan eta maizter askori etxebizitza arazoekin laguntzen dabilen Etxebizitza Sindikatua, indarkeria matxista kasuen aurka protokoloak zein etxeratze kolektiboak antolatzen eta sektore ezberdinetako emakume langileen lan baldintzen defentsan dabilen Itaia emakumeen antolakunde sozialista, auzoz auzo eta ikastetxez ikastetxe bizi baldintzak defendatu eta jardun politikoaren alde antolatzen dabiltzan GKS eta IA…
Guzti hori eta askoz gehiago sostengatu ahal izateko Zentro Sozialista gisako espazioak defendatzen jarraituko dugu. Era berean, auzo zein hiriko pertsona oro gonbidatzen dugu gerturatu eta antolakuntzan parte hartzera.