Zer eramango zenuke uharte batera?
Eta zuk zer eramango zenuke uharte batera? Demagun zure hegazkinak arazo bat duela, eta paraxuta hartuta salto egin behar duzula uharte batean. Zurekin soilik hiru gauza eraman ditzakezu. Ez da erabaki erraza. Janaria hartu? Epe laburrean lagungarria izan daiteke, baina, zoritxarrez, ez dakizu zenbat denbora egon beharko duzun uhartean. Laban bat ere eraman zenezake, baina ziur badirela baliagarriagoak izango zaizkizun gauzak, botikina, adibidez… Ez da erabaki erraza, eta, irakurle, lerro hauetan ez duzu erantzun zuzenik topatuko. Batetik, ni ez naizelako abenturazale iaioa, eta, bestetik, ez dagoelako erantzun zuzenik. Eraman ditzakezun elementu guztiek dute alde on eta txar bat. Aukera, funtsean, lehentasun kontu bat da.
Antzeko zerbait gertatu da Donostian azken egun hauetan. Uharte batek agerian utzi ditu udal gobernuaren lehentasunak zeintzuk diren. Izan ere, Txominen inbertitu beharreko aurrekontuaren zati bat Santa Klara uhartean egiten ari den txikiziora bideratu du udalak. 1.589.339,23 euro, hain zuzen ere. Eta broma bat dela pentsatuko duzue askok, baina zoritxarrez ez da horrela. Lanberri auzo elkarteak udalari eskatu zion bere jarrera aldatzeko, baina dirudienez, hau ez da gertatuko, eta dirua Txominen inbertitu beharrean, «txominadetan» gastatuko dute. Ez al litzateke zentzudunagoa diru hori Txominera eraman eta Santa Klarara eguzkitako krema, patata tortilla bokata eta bisera batekin joatea? Baina gogoratu ez dagoela erantzun zuzenik, lehentasun kontu bat da, besterik ez.