Zer esan dena esanda dagoenean
Esaterako, Donostia hiri eredu jasanezin batean itoarazten ari dira putre funtsak eta logika kapitalistak. Hiru lagun gara epe luzerako etxebizitza baten bila gabiltzanak, eta odisea bilakatu da bizitoki baten bilaketa. Ezinegona eta nekea eragiten dituen egoera da. Astigarraga Gipuzkoako hirugarren udalerri garestiena dela azaldu zuten orain dela gau gutxi, Teleberri-an, Hondarribiaren aurretik.
Argi dago zein den donostiarrok Donostian ezin bizitzeak dakarren eragin zuzena. Nire buruari galdetzen diot, eta irakurleari zutabe honen bitartez, etxebizitzaren egoerak atzera bueltarik duen, eta gauzak horrela, pikutara goazen gu, eta, gurekin batera, sikiera jaio ez diren gure etorkizuneko proiekzioak.
«Agian, hori da arriskua: etsipenaren izenean isiltzen hastea»
Aldi berean, etxegabetzeek ez dute etenik azken asteetan, eta Poliziaren presentziak betiko logika bera elikatzen jarraitzen du. Segurtasunaren izenean, zenbat indarkeria. «Niri presentzia polizial honek guztiak ez dit segurtasunik ematen», dio lagun batek.
Bitartean, astelehenetik aurrera, txakurtxoak hondartzatik kanpo geratuko dira berriro; gai txikia dirudi agian, baina hiria nola ulertzen den erakusten duten erabakietako bat ere bada. BCCren gisako eraikinei lehentasuna eman, eta parke berdeak desagerrarazten doaz. Txakurrak ez, baina jaialdiak bai. Chapeau –munduko ironia guztia erabili azken hitz hau irakurtzerakoan–.
Eta horren guztiaren erdian, produktibitatearen logikak ez digu arnasa hartzen ere uzten. Etengabe zerbait egiten, sortzen, erakusten edo ematen ari garela frogatu behar dugu, bestela, badirudi ez garela inor. Atsedena errudun bihurtu dute eta xamurtasuna porrot. Egun eta gau osoa irauten duen auto –eta ez hain auto– ebaluazio batean bizi gara: nahikoa egiten ari al naiz? Nahikoa ematen ari al naiz?
Esateko asko dago. Baina nekea ere handia da. Askotan, pentsatzen dut dena dagoela jada esanda, hitzek euren garrantzia edo nortasuna galtzen dutela, eta norberaren ahotsa, apenas dela, zarata orokor honen barruan, beste ahalegin txiki bat. Agian, hori da arriskua: etsipenaren izenean isiltzen hastea.

