Zer nahiago duzu?
Zer nahiago duzu: ondo lan egiten duen erizaina ala euskara dakien erizaina? Askotan entzun dut esaldi hau. Aukeratu! Biak bateragarriak izango ez balira bezala, hizkuntza profesio honetan lana hobeto gauzatzeko ezinbesteko erreminta izango ez balitz bezala. Non eta osasungintzan, pertsonekin zuzenean lan egiten den eremuan, askotan beldurtuta, urduri edota egoera zaurgarrian dauden pertsonekin. Komunikazioari eta beraz hizkuntzari balioa kentzea, profesioari balioa kentzea da. Oraindik gogoan dut unibertsitateko lehenengo urtean erizaintzaren oinarri teoriak ikasi genituenean. Askotan hitz egiten zen diagnostikoari buruz, balorazio, eboluzio eta ebaluazioari buruz, zeren bai, askok uste dutenaren aurka erizaintzak diagnosi propioak eta balorazio/ebaluazio prozesu propioak ditu. Pertsonak dituen behar eta zaintza zehatzen diagnostikoa egiteko guk ere datu bilketa egiten dugu. Erreminta asko daude hori egiteko, baina garrantzitsuenetako bat elkarrizketa da. Gaixoari zein familiako kideei egiten dizkiegun galderekin pertsonaren eta egoeraren inguruko informazio zehatzago bat, eta, beraz, zainketa programa indibidualago bat egiteko ezinbestekoa da. Erabiltzen dugun hizkuntza erabakigarria da informazio horren zehaztasunean, azken batean gaixoa edota familiarekin eroso aurkitzen diren hizkuntzan komunikatzen bagara, errazago helaraziko digute nola sentitzen diren eta zer gertatzen zaien. Eta zerbait azaltzen diegunean informazioa ondo jasotzeko eta ulertzeko aukerak handitzen dira ere. Euskaraz artatzea, iritziak iritzi, ez da eskubide bat bakarrik, lanaren eginkizunean kalitatezko zerbitzu bat emateko baliabide garrantzitsu bat da. Batez ere, garai hauetan, ospitaleko eremu askotan pazienteak bakarrik daudenean, inorekin egoteko eta hitz egiteko aukerarik ez dutenean bertako langileekin ez baldin bada. Beldur eta ezinegon garai hauetan, telefonoa informazioa emateko baliabide bakarra bihurtu denean, hizkuntzak inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du, familiak lasaitzeko eta beraien kideak zainduak daudela transmititzeko daukagun elementu bakarrenetako bat bilakatu delako.
Beraz, ez dezagun euskara albo batera utzi eta eman diezaiogun duen balio profesionala kalitatezko euskal osasun zerbitzua eraikitzerako garaian.