Zergatik Intxaurbusa
Hiritarrok bizimodu duina izateko administrazioak hainbat zerbitzu jartzen ditu gure eskura, baita horietara iritsi ahal izateko bidea erraztu ere, jakina.
Bada, jaun-andreok, hori da hain zuzen ere, Intxaurrondoko biztanleok Donostiako udalari egin diogun eskaera: gure auzoko oinarrizko zerbitzuetara hurbilduko gaituen garraio publikoa (Intxaurbusa deitu dioguna).
Baten batek bere buruari galdetuko dio zer dela-eta egiten dugun halako eskaria, izan ere dagoeneko autobus linea mordo batek ematen dio zerbitzua auzo honi.
Ikus dezagun, ba, zein den arazoaren zergatia:
1. Auzoari zerbitzua ematen dioten autobus linea guztien helburu nagusia da auzokoak Donostiako Erdialdera edo hiriko beste zonaldetara hurbiltzea, baina ez diete irtenbiderik ematen Intxaurrondoko zerbitzuetara iristeko dauden zailtasunei. Intxaurrondo Zaharreko biztanleak –6.000 mila lagun inguru– oinarrizko zerbitzuetara hurbildu ahal izateko –eman dezagun, osasun zerbitzuak, ikastetxe, kiroldegi, kultur etxe, gizarte zerbitzu, banketxe eta oinarrizko komertzioetara, besteak beste– auzotik aldentzen dituen autobus linea bat hartu behar izaten dute 29. linea eskuragarri dagoen puntu bateraino, eta handik transbordoa egin beren helmugara ailegatu ahal izateko.
2. Toki hauetatik oinarrizko zerbitzuetara iristeko malda handiak igo behar dira eta lagun askok, hori ekiditeko, automobila hartu behar izaten dute (mugikortasun jasagarriaren aurka doan jarduera).
3. Auzokide askok errazagoa du beste auzoetako komertzioetara joatea, oso egoera txarrean dauden auzoko merkatari txikien kalterako.
4. Institutura joateko adina duten nerabeen familia askok, beren seme-alabak beste auzoetako institutuetara bidaltzea erabakitzen dute, errazagoa delako haietara iristea auzoko institutura baino.
5. Familia askok haur hezkuntza eta lehen hezkuntza zentroetara autoz joan behar izaten dute.
6. Auzokoen batez besteko adina handia da, eta horren ondorioz, mugikortasun arazoa duen lagun asko dago. Gainera, auzoko orografia ez da lagungarri gertatzen, eskailerak eta aldapak dira nagusi.
Horregatik guztiagatik helarazi diogu Donostiako udalari Intxaurrondo barruko zerbitzua emango lukeen mikrobus bat jartzeko proposamena, eta horrekin batera, baita ere, horren alde agertu diren 2.100 lagun baino gehiagoren sinadura.
Argi utzi nahi dugu udalari helarazitako proposamenak ez duela zertan izan arazoa konpontzeko aukera bakarra. Beti gaude prest beste edozein proposamen aztertzeko, arazoa bere osotasunean konpontzen badu.