Zerriak txerriari...ipurtandi!
-Sentitzen diñat neska! Ezin dela ba errepikatu…Bi urtez ezin dun Santo Tomas eguneko erregina izan Tomaxi, eta aurten niri egokitu zaidan.
Gainera begira, gaur denak ni ezagutzera etorri ditun. Eder, ederra atera naun bazter guztietan. Eta azkenean nire bizitzako ilusiorik handiena beteko diñat: Baserri zahar hau utzi eta ‘kapitalera’ joango naun, itsasoa ikusiko diñat azkenean!.
-Gaixoa!!
-Gainera esan zidaten ni izango naunala protagonista. Denak niri begira egongo ditunala Santo Tomas egunean. Agian nire ipurtalde honekin Añorgako baserritarren bat ere konkistatuko diñat. Añorga alde haietan ba omen ditun ‘uxarrean’ ibiltzeko gain bikainak…
-Begira Jaxinta, gauza bat esango diñat: Mundua seko nahastua zagon! Benetako baserritarrak North Faceko arropak eta Salomon zapatillak jazten dizkiten orain, eta glamourrez beteriko hirian denak garai bateko baserritarrak bezala, mahoizko galtzekin, soineko arrastodunekin eta abarkekin jazten ditun.
Itsasoa, berriz, asko jota usaindu egingo dun, ukuilutik orgara eta orgatik Gipuzkoa plazako hesien atzera eramango haute eta. Kastilla aldean tximuek diten papera, zerbaitengatik esaten diten ‘monos de feria’, txerriok hartzen dinagu Donostian. Jendetza ibiliko dun hire inguruan, gehienak taloa eskuetan dutela gainera. Baina hik ez dun mokadurik probatuko. Santo Tomas aurreko bi egun lehenago bezalaxe; ukuilutik kanpo kaka egitea edukazio txarrekoa omen dun eta…
-Ez da posible! Tomaxi inbidiak itsutu hau. Arroko ukuilurik handiena niretzako izatea ezin dun jasan, eta Donostiara ni bakarrik joatea ere ez.
-Konstituzio plazan izango dun txerri gehiago ere, baina txistorretan sartuta!. Eta hik ere halaxe bukatu nahi ez badun aholkutxo bat emango diñat; nik halaxe egin niñan eta baserrira etorri nindunan bueltan. Hi, jarritako lekuan hago lasai lasai. Beno, nahita ere ezingo dun asko mugitu, ez. Ipurtalde hori mugitzen hasita hesiaren ertzari joko dion eta. Egon hadi lasai, orduak pasa ahala ingurukoak aztoratzen hasten direla sumatzen badun ere.
Bi egun handi izango ditun hire bizitzan. Bat gaurkoa, denak hiri begira jarri direlako, eta bestea Santo Tomas egunekoa.
-Ze zerria haizen Tomaxi, nire ametsa zapuztu nahian habil.
-Odolkiak ordainetan, Jaxinta, odolkiak ordainetan…


