Zesar Martinez joan zaigu
Zesar Martinez joan zaigu, 58 urte zituela. Larunbat goizean Gatikan izandako bizikleta istripu baten ondorioz eta Gurutzetako ospitaleko zainketa intentsiboetan egon ostean, gaur eguerdian hil da, lagun eta senidez inguratuta.
Gizarte eraldaketaren aldeko borrokan eman du bizia Zesarrek; izan ere, gaztetan mugimendu internazionalistan hasi eta hainbat arlotan lanean ibili da, besteak beste, Sare eta Larrabetzuko Gurpide Elkartean.
EHUko Gizarte Langintzako departamenduko kidea zen, baita Parte Hartuz ikerketa taldekoa ere. Partaidetza eta Komunitate Garapeneko Masterreko batzorde pedagogikoko kidea ere bazen eta, era berean, Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonikako proiektuan parte hartzen zuen. Bere jardun akademikoan, nagusi ziren Herri Mugimenduen eta herri partaidetzaren inguruko gai eta ikerketak.
«Pena eta amorrua dugu orain, bide hori tamainako zorigaizto baten ezustean moztu zaigulako. Zure ondarea gurekin daroagu! Adiorik ez lagun, gure bihotzetan egongo zara betirako»
Halaber, Joxemi Zumalabe Fundazioko kide historikoa ere bazen, 18/98 epaiketaren aurretik eta baita ostean ere. Bertan ezagutu genuenok bihotzez maite genuen bere prozesuekiko begirada, kideen eta taldeen zaintzarako konpromisoa, elkarlanerako joera, entseatzeko etengabeko gogoa, eztabaidarako grina amaiezina, borrokarako alaitasuna, eraldaketarako ilusioa… Baita gozatzeko, maitatzeko, irri egiteko eta zirikatzeko zuen modua ere.
Zelako zorte ona gurea, bizitzak elkartu gaituelako eta borrokan bidaide izan zaitugulako. Pena eta amorrua dugu orain, bide hori tamainako zorigaizto baten ezustean moztu zaigulako. Zure ondarea gurekin daroagu! Adiorik ez lagun, gure bihotzetan egongo zara betirako.
Besarkada senideei, eta lurrak goxo har zaitzala, burkide maitea.

