Zigiluez harago, parte hartzearen zentzuaz
Berriki, udalaren posta elektroniko bat jaso dut Partaidetza Sailetik, iritzi eske. Donostiako Udala, tokiko mailan, Berrikuntzaren eta Gobernantza Onaren Europako ELoGE Zigilua lortzeko hautagai gisa aurkeztu da. Sorpresaz hartu ninduen mezuak. Partaidetza prozesu batean hartu nuelako parte, akaso, jaso ote nuen mezua? Edo herritar orori zuzendutako mailing masibo bat izan da? Kontaktatzeko prozeduraz ez zioen ezer inkestaren hartzaileei buruz. Metodologia aldetik, bitxia iruditu zitzaidan.
Aipatu zigilua Europako Kontseiluak sustatzen du, eta Europako Batasunean aplikatzen da, bai eta kide izan gabe, harreman estua duten gertuko beste zenbait estatutan ere, Kosovo, Ipar Mazedonia, Norvegia edo Turkia kasu. Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan ELoGE Zigilua ezartzeko plataforma Eudelen eskutik jarri zuten martxan. 2017-2025 arteko sei aldietan, hamasei euskal udalerrik eskuratu dituzte zigiluak. Webgunean ageri denez, zigiluak gobernantza etengabe hobetzea du xede, zerbitzu publikoen kalitatea, herritarren parte hartzea eta itxaropenak (sic) asetzen dituzten politikak hobetzen dituen gobernantza. Horretarako, autoebaluazio sistema bat ezarri dute. Hortik dator, bada, maiatza amaieran jasotako mezua.
«Esperientzia polita izan zen, bai, bederen, mementoan bizitakoa. Udalarengan konfiantza eta esperantza sustatzeko egokia. Espektatiba ez da beti itxaropenaren sinonimo, ordea»
ELoGE Zigilua gurera iritsi zen urte horretan berean, 2017an, jarri zuen abian Donostiako Udalak egungo Dbuseko kotxetegien azpiko lursailean parke bat egiteko prozesu parte hartzailea. Sorleku parkea diseinatzeko prozedura gobernantzan herritarren parte hartzearen printzipioen erakusleiho bikaina izan zen. 2018-2019an, Lehen Hezkuntzako haurrek egindako lanketa izan zen lehen urratsa. Ondotik, 2021ean, herritarroi proiektuaren nondik norakoak aurkeztu eta gure iritzia emateko aukera zabaldu zen. Esperientzia polita izan zen, bai, bederen, mementoan bizitakoa. Udalarengan, instituzio gisa, konfiantza eta esperantza sustatzeko egokia.
Espektatiba ez da beti itxaropenaren sinonimo, ordea. Kasik hamar urte joan dira ordutik eta denetik ikusi dugu parke-izatea-asmo-duen orubean, Dbuseko autobusak ere, azken egunotan. 2024ean manifestazioak eta haurren protestak zipriztindu zuten udalaren jarrera immobilista. Prentsan parkearen etorkizuna hizpide eta polemika iturri izan zen ondotik ere, parkea parking bihurtzeko egitasmoa haizatu zenean. Udalak bere webgunean adierazten duenez, 2026ko martxoaren 10ean, gobernu batzordeak Sasoi Eraikuntzak SL enpresari Sorleku parkearen proiektuari dagozkion obrak egiteko esleipena onartu zuen, bost hilabeteko epean egikaritzeko konpromisoarekin. Orubearen egoera ikusita, gobernantza onerako ezinbestekoa den borondate politikoa ez ote den neurtu behar. Bi hilabete falta dira epemuga amaitzeko, eta parkearen aztarnarik ez…

