'Zonbia'
Xabier Vazquez, Realzalea
Beldurrezko Zinema Astea larunbatean hasi zen Anoetan. Beldur eta fantasiarena omen da zinemaldia, baina Anoetan behintzat fantasia eskasa ikusi genuen. Horren truke gorea ikusi genuen, euskara jatorragoan, gorriak ikusi genituen. Gore eta gogorra baita kaskamotz (eta ez naiz ileaz ari) batzuk txoroarena egiten aritzea, gorea baita realen arteko partida batean artabururen batek Bartzelonaren bandera eramatea; eta oso gorea izan zen, Realaren larunbateko lehen zatia. Ni neu etxean nengoen, birus batekin; baina Reala beste birus batekin atera zen, birus zonbia.
Etxeko partida gehienetan ikusi dugu horrela, eta baita Zaragozan ere. Baina zonbia izateaz gain, egun Reala nigromante ere bada, hots, hildakoei bizitza ematen die. Galdetu bestela Mallorca, Athletici eta Zaragozari, edota euren aurrelariei.
Espero dut Futbologia hau gozatzen arituko zaretela. Izan ere, ezin zarete kexatu, galako futbologoa tokatu zaizue, derbia eta Madrilen partida kubritzeko jarri dutena. Ez pentsa gauza hauek zoriaren esku uzten direnik. Bueno, zutabegintzarena ez da nire meritua, bi urtez izan naiz Chicagoko zutabe eskolan eta lau Goteborgeko futbol akademian. Irutxuloko Hitzara iritsi nintzen, Marca eta L’Equiperen aurretik, baina baldintza batekin. Ez dizuegu inoiz esan, baina hilero ‘Futbologo onenaren saria’ banatzen da, eta horrek sekulako dirutza irabazten du, beste bi galtzaileen kaltetan. Oinarriak niri egokituta daudenez, nik eskuratzen dut beti. Gau askotan Etxaniz ikus daiteke horditu eta samindurik kaleetan kantari, «Gure Vazquez abila dela… eskola ona eta lirika guzti hoiekin zerbitzen».
Ez zaizue ondo iruditzen? Bada, hori da BBVA Liga. Hori da zale askoren borondatez –beti jokalariak eskatzen eta dena diruaren esku uzten– dugun Liga. Ez zen oso azkarra izan behar ikusteko puztu eta puztu bi listo izango zirela etekina eramango zutenak. Eta orain, Bartzelonaren aurka etxean berdintzea sekulakoa da eta Madrilen aurka gol batez galtzea salgarria batzuentzat.
Zalantza dut zein den zonbia, Reala bera ala Liga osoa.
