Zorionak Igeldo!
Universidad de Igeldo, Alkate pedaneoa, Auzolan, Herri Kontseilua, Udalerria, Toki Entitate Txikia… Historian zehar, Igeldon figura eta egituraketa desberdinak izan ditugu. Denak helburu berarekin: gure nortasun eta identitateari eutsiz, Igeldo eta igeldotarren beharrei erantzutea eta beraien bizimodua hobetzea.
Urte hauetako guztietako borroka eta lanaren ostean, Igeldo Toki Entitate Txiki bihurtzea lortu dugu, eta oso pozik gaude. Bai horixe! Aurrerapauso handia dela uste dugulako eta tresna baliagarria izango delako Igeldo hobetzeko. Esan bezala, hau posible izan da urteetan zehar herritar askok eta askok egin duten lanari esker. Beraz, hemendik gure aitortza beraiei. Eskerrik asko denei!
«Hona ekarri gaituen bide bera jarraitzen badugu, elkar ulertze eta adostasunean oinarritutakoa, prozesuari amaiera positibo bat emango diogu»
Hainbat eskumen eta hauek aurrera eramateko aurrekontu bat. Bada zerbait. Obrak, mantenu lanak, zerbitzuak, jarduerak… orain arte herritarren borondatez eta hala moduz aurrera ateratakoak behar bezala egiteko aukera izango dugu. Ilusioz beteta, baina jakitun gara hurrengo urteetan guztia gorpuzteko eta benetan erreala bilakatzeko lana biderkatu egingo dela. Igeldoko entitatea berria da guretzat eta pausoak pixkanaka joango gara ematen. Hori horrela, herritarrei pazientzia eskatu nahi diegu eta Donostiako Udalari konpromisoa. Hona ekarri gaituen bide bera jarraitzen badugu, elkar ulertze eta adostasunean oinarritutakoa, prozesuari amaiera positibo bat emango diogu. Izan ere, gogoratu behar da hurrengo urteetan beste hainbat eskumen transferitu behar direla.
Bost gara batzorde kudeatzaileko ordezkariak, baina orain arte bezala jarraituko dugu funtzionatzen; talde, eragile eta herritarrekin elkarlanean herria egiten. Gure helburua administrazioa herritarrei gerturatzea eta komunitatea sendotzea izango da. Zentzu honetan, herri plan bat osatuko dugu Igeldoko entitateak norabide egokian eman ditzan bere pausoak. Asmo horrekin, parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan berehala. Igeldotar guztion behar, iritzi eta ekarpenak bildu nahi ditugu eta Igeldoko herritarrak parte hartzera animatzen zaituztegu.
Jarrai dezagun herria egiten!