Zorte on, Beñat! Zorte, on Beñat!
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Eskolartekoetan izan nuen Beñat-en berri lehenengo aldiz, nik 15 urtetik gorakoen taldean kantatu behar nuenean, eta berak 14 urtetik azpikoen taldean. Umeen gauzak izango ziren, baina Beñat ez nuen gustuko. Hain perfektua ikusten nuen bertsotan, Añorgako ume hori higuingarria iruditzen zitzaidala. Urteek erakutsi didate inbidia zela, besterik ez. Ez dut uste beste bertsolari bat egongo denik hainbeste eskolartekoko txapelekin.
Aurreko igandean, apustu makina horietako batean ikusi nuen Beñat Gaztelumendi faboritoa zela txapela janzteko. Euro bat jokatuta bi euro irabazteko aukera. Ez dut esango zenbat diru jokatu nuen, baina jendeak ez dezala uste erraz lortuko duenik, lortzen baldin badu. Aurrean, Irazu egongo da. Umetan, Euskal Herriko finala ikustera joan nintzenean, bertan kantatu zituen inoiz entzun ditudan habanera politenak, 1997. urtean. Aurrean Sarriegi izango du, BEC-en kantatzea zer den dakiena. Aurrean Martin anai-arrebak izango ditu bertso borobilak botaz seguru. Aurrean Agin izango du, bere unerik goxoena bizitzen ari dena bertso-munduan. Eta Unai Agirre eta Apalategi. A zer zortzi bertsolari.
Jendeak pentsatzea nahi duena, Beñat. Badakigu txapela Añorgara joatea zaila izango dela, baina esperantza hor dago. Norbaitekin konparatzekotan Messi eta Xabi Prietoren arteko batekin konparatuko nuke. Messi bezala, edozer gauza egiteko gai da baloiarekin (hitzarekin), espazio txikian edo luzean. Eta Xabi Prieto bezalakoa penaltietan, gaia jarrita, lasai lasai dagoen itxura ematen du bere baloia (hitza) ikuslearen belarrietan sartzeko.
Igandean jakingo dugu txapela preziatuak zein buru estaliko duen. Nahiz txapela janzteko ile dexente izan, jantzi ezazu.
Zorionak eta Zorte on, Beñat. Zorte, On Beñat.

