Zu zara arazoa
Noizbait iritziz aldatu izan baduzu, noizbait zuzena izango zelakoan hautatutako bidearen inguruan zalantzak sortu bazaizkizu, eta, batez ere, gizarteko moralistek inposatu bezain ona ez zarela bururatu izan bazaizu, arazoa zugan dagoela esatera natorkizu.
Sarritan, alboan dagoenarekin alderatzeko joera izan ohi dugu, bere beldurrak, ametsak, gaitasunak edota kezkak kontuan hartu gabe, azaleko itxura baita ezaugarririk garrantzitsuena perfektu izatearen karnetak banatu nahian dabiltzanentzat. Gauzak horrela, askotan, karnet banatzaile hauek erreferente direla pentsatzen dugun arren, ereduak baino ez dira. Izan ere, Filosofiako irakasle batek irakatsi zidan moduan, erreferente eta eredu kontzeptuen arteko berezitasun nagusia, bigarrenak mugak ezartzen dizkizula da, lehenak erabateko askatasunez adieraztea ahalbidetzen dizun bitartean.
Erreferenteak hanka sartzen utziko dizu, berarekiko leial mantentzen zarela ziurta dezakeen heinean. Ikasteko aukera emango dizu, bere aholkuek nola izan zedarri ordez, egoera desberdinak ikusteko zein epaitzeko tresnak eskainiko dizkizunean. Aniztasuna mehatxu irudikatzen dizunaren aurrean edertasuna ezagutzeko bidea zabalduko dizu, zentzuzko iparren noranzkoan.
«Zer esan, dagokion erantzunari aurka egitera zoazenean. Nola zaindu zeure burua, iraganeko hanka-sartzeek betiko definitzen zaituztela dioen mamuak inguratzen zaituenean»
Ereduaren ustetan, ordea, ez dago zalantza egiteko aukerarik. Nolakoa izan behar zaren jakiteko, gainontzekoen ekintza berberak errepikatzera mugatu behar baitzara. Nola egin, nola sentitu, nola pentsatu eta, zugan zalantzak sortzen zaizkizun bakoitzean, izakitzat dagokizun balioa merketuko dizu. Hanka sartzerakoan, inguruko guztien aurrean seinalatu eta bazter guztiak hankaz gora jartzen ahaleginduko da, garrasika, izaki doilorra zarela irents dezaten. Nahastea ez baita eredu batek aurreikus dezakeen zerbait. Bere ekintzekin adorea besterik ez du bilatzen, ez delako inoiz den bezala onartua izan. Etengabean, bere ekintza bakoitzaren trukean balio erakargarri bezain eskaseko saria lortzeko zain diharduelako.
Horrenbestez, erreferenteak argi azalduko dizu ereduaren aurrean nola erantzun. Zer egin, bere galdera ustelek bahitzen zaituztela sentitzean. Zer esan, dagokion erantzunari aurka egitera zoazenean. Nola zaindu zeure burua, iraganeko hanka-sartzeek betiko definitzen zaituztela dioen mamuak inguratzen zaituenean. Arrunt bilakatzeko zorian zaudenean, amildegian behera egiteko prest, tinko helduko zaituelako ausart izateko konpromisoari zin egitearren.
Ez zaitzala ereduaren iruzurrak bigundu. Erreferentea zure adiskidea da eta ereduari aurre egitea, betebeharra.
Zuk erabaki. Zu zara arazoa.

