Zubietako herriak gipuzkoarrei
Duela gutxi erantzun dugu gure herrian inoiz inork inori Gipuzkoan egin ez dion galdera: erraustegia egitea nahi al duzu? Zubietarrok argi esan dugu: EZ. Zubietarron %64,7k Erraustegia Erabakiak antolatutako galdeketan parte hartu du, eta horietatik %99,6k ezezko erantzuna baieztatu du. Urte hauetan guztietan gure iritzia beste hainbat modutan adierazi izan dugun arren, orain altu eta ozen esan dezakegu gure herriak ez duela Gipuzkoan erraustegirik egitea nahi. Ez dugu nahi, ez; ez gure herrian ezta beste inorenean ere; guretzat nahi ez duguna ez baitiogu beste inori opa.
Garbia da zubietarrok gipuzkoarrei eta denon arduradun politikoei egiten diegun eskaera: erraustegiaren lizitazio prozesua gelditu eta hondakinen arazoari aurre egiteko guztion artean inori kalterik egingo ez dion sistema bat ados dezagula, erraustegirik gabekoa alegia. Izan ere, erraustegia eraikiz gero, gipuzkoarrei eragingo digun kaltea nabarmena da: osasunean, ekonomian, ingurumenean… Gu ez gara adituak, baina egunero batetik eta bestetik entzuten ari garen datuek ikara sortzen digute. Benetan gipuzkoarrok prest al gaude erraustegiak ekarriko digun zorpetze ekonomikoari aurre egiteko? Badakigu erraustegia ordaintzeko zein zerbitzu publiko galduko ditugun?
Gure ustez, Gipuzkoako herritarrok ez gaude behar bezala informatuak erraustegiak ekarriko dizkigun ondorioez, eta agintariek dute horren errua. Gai hau ez dute guztion artean eztabaidatzerik nahi izan eta tematurik daude erraustegia eraikitzearekin. Horren adierazle garbia da zubietarrok ez garela aintzat hartuak izan ez Donostiako Udalean, ezta Gipuzkoako Foru Aldundian ere. Lotsagarria iruditzen zaigu gure udaletako batek bere herritarrei erantzunak emateko adorerik ez izatea, Donostiako Udalak ez baitio erantzun gure bilera eskaerari. Zubietarron hitza errespetatua izateko bermea eskatu nahi genion, bere herritarren nahiak babesteko alegia, besterik ez. Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak ere jarrera bera izan du gure aurrean, gure txikitasunak eskariari garrantzia kentzen diola dirudi.
Hala eta guztiz ere, ziur gaude gipuzkoarrok gure jarrera ulertzen duzuela guk zuen elkartasunean sinesten dugun moduan. Ziur gaude zuek ere ez duzuela nahiko besteentzat zuentzat nahi ez duzuen hori. Horregatik, azaroaren 26an Donostiako kaleak betetzeko deia egiten dizuegu GURASOSek antolatutako manifestazioan parte hartuz. Guztion artean hondakinen afera konponduko duen irtenbide bat ados dezakegu eta demokrazian horixe da egin beharrekoa, inposaketarik gabeko irtenbidea aurkitzea alegia.