Askatuak Gipuzkoa Basket eta IRUTXULOKO HITZA, elkarren eskutik
Askatuak Gipuzkoa Basketen eta IRUTXULOKO HITZAren arteko aliantzak beste urrats bat eman du, hedabidea klubaren kirol ekimenen laguntzaile bihurtuz. Bi proiektuen arteko lankidetzak indarra hartu du, Donostiako saskibaloiaren eta hiritarren arteko lotura sendotzeko, “saskibaloia ere tokikoa delako”.
Elkarlan honen bidez, IRUTXULOKO HITZAk Askatuak Gipuzkoa Basketen jardueraren berri emateko eta klubaren ekimenak zabaltzeko konpromisoa hartuko du. Hala, komunikazioa eta kirola uztartuz, saskibaloiak Donostian duen presentzia eta herritarren parte hartzea indartu nahi dituzte bi erakundeek.
Gainera, IRUTXULOKO HITZAko harpidedunek J.A. Gasca kiroldegian, saskibaloi partidak ikusteko sarrerak izango dituzte zozketan.
Askatuak Gipuzkoa Basket, saskibaloiaren alde
Klubaren jarduerak adin eta maila ezberdinetako jokalariak biltzen ditu, saskibaloia herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Elkarlanaren bitartez, IRUTXULOKO HITZAk klubaren ekimenen oihartzuna handituko du, komunikazio euskarrien bidez.
Hala, bi proiektuek bat egiten dute helburu batean: Donostiako kirola eta, bereziki, saskibaloia bizilagunengana gerturatzea, tokiko kirolaren balioa azpimarratuz eta hiriko kirol sareari ikusgarritasuna emanez.

