Kirola eta euskara sustatuko ditu IRUTXULOKO HITZAk, Bera Bera eskutik
Super Amara Bera Berako Maitane Etxeberria jokalaria, Tatiana Garmendia lehendakaria eta Naike Usabiaga Irutxuloko Hitzako kudeatzailea.Andrea Bosch IRUTXULOKO HITZAk eta Bera Bera eskubaloi taldeak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, kirola, euskara eta tokiko komunitatea sustatzeko helburuarekin. Akordioaren bidez, bi eragileek Donostiako kirol jardueraren berri ematen eta euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Horrela, tokiko kirolari eta kirol eragileei ikusgarritasuna ematea eta euskarazko kirol informazioa zabaltzea izango dira lankidetzaren helburuetako batzuk.
Hitzarmen honen bidez, kirolaren inguruan sortzen den komunitate sarea indartu nahi dute bi proiektuek, eta hitzarmena gorpuztu dute Bera Bera eskubaloi taldeko Maitane Etxeberria jokalariak, Tatiana Garmendia lehendakariak eta IRUTXULOKO HITZAko kudeatzaileak, Naike Usabiaga. Hitzarmen berri honen bidez, beraz, bi erakundeek bat egiten dute helburu komun baten inguruan: Donostiako kirola eta euskara sustatzea eta tokiko komunitatearekin duten lotura sendotzea.
Elkarlan honek datozen hilabeteetan hainbat ekimen eta eduki ekarriko ditu, kirolari, talde eta herritarrei euskarazko informazioa eta ikusgarritasuna eskaintzeko. Hala, IRUTXULOKO HITZAko harpidedunek partidetako sarrerak izango dituzte, zozketen bidez eskuragarri, honen adibide izanik larunbat honetan jokatuko den partidarako zozketan dauden bi sarrera bikoitzak.

