15 urteren ondoren, asko gara, eta gehiago izan nahi dugu
Koronabirusak bete-betean harrapatu du IRUTXULOKO HITZAREN 15. urtemuga. Birusak birus, aurtengoa urte berezia da komunikabide honentzat, eta urteurrena nahi bezala ospatu ez dugun arren, egoerara moldatzen jakin dugu; urte berezi honi xarma aurreikusi ez bezala eman diogu. Besteak beste, jarraian ikusiko duzuen bideoa egin dugu, IRUTXULOKO HITZAREN eginkizun nagusia gogorarazten diguna, baita 15 urte hauetan eduki dituen bidelagunak gogora ekartzen dituena ere.
“Zulo bat betetzera etorri ginen” esanez hasten da bideoko narrazio ahotsa, izan ere, urtez urte, egunero, Donostian gertatzen den hori kontatu dugu: beste lekuetan tokirik ez duten protagonistei eman diegu nagusitasuna, auzoz auzo ibili gara etengabe lanean, informazio hori guztia irakurleoi euskara hutsean eskaintzeko. Beraz, argi dago: Donostian zegoen hutsune hori bete du IRUTXULOKO HITZAK, bera gabe hainbat eta hainbat istorio, pertsonaia, gertaera edo kontakizun ezagutu gabe geratuko ginen
donostiarrok, are gutxiago, euskara hutsean.
Bideoan esaten den bezala, 15 urte hauetan bidean gure antzerako lagun asko topatu ditugu, hain zuzen ere, IRUTXULOKO HITZArentzat ezinbestekoa den komunitatea osatu duten bidelagunak. Horregatik, horiek guztiak aipatu nahi izan ditugu; hala nola, inoren menpe egon gabe kultura zabaltzea erabakitzen dutenak, ahobizi eta belarriprestak, Kontxita Beitia bezalako andereñoak, ondorengo belaunaldiak hobeto hazi zitezen arriskatzen dutenak, isilpeko langile anonimoak, menpeko egiturak irauli nahian dabiltzanak edo etorkizuna aske erabaki nahi dutenak. Hitz gutxitan, gure antzera zuloak estali eta estali ari direnak.
Etorkizunari ere begiratu diogu, eta dagoeneko estalita dauden zuloak estalirik jarrai dezaten, eta zulo berriak betetzen jarraitzeko, ezinbestekoa da IRUTXULOKO HITZA, orain, inoiz baino gehiago. Horregatik, nahiz eta urte hauen guztien ondoren asko garen, gehiago izan nahi dugu. Izan ere, bidean jarraitzeko, ezinbestekoa dugu lagun gehiagoren premia.
Horregatik, eta beste 15 urterengatik,
Zuk ere hartu HITZA.