Irutxuloko Hitza

Errekatxulon zuhaitz landaketa bat antolatu dute elkarlanean Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta IRUTXULOKO HITZAk

Urtarrilaren 26a, igandea, markatu dute agendan, eta 10:30ean, Belartza industrialdeko Jorge Fernandez altzari dendaren atzealdeko parkingean elkartzeko deialdia zabaldu dute antolatzaileek.

Iazko legez, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta IRUTXULOKO HITZAk elkarlanean antolatu dute zuhaitz landaketa bat, aurten, Errekatxulon. Agendan markatu dute hilaren 26a, igandea, 10:30ean, eta topalekua Belartza industrialdeko Jorge Fernandez altzari dendaren atzealdeko parkinga da.

Aurreko urteko landaketari jarraipena ematea da helburu nagusia. Errekatxuloko esparruak, belartzako industrialdearen alboan kokatua, presio urbanistikoa pairatzen ari da. Horren ondorioz inguruko biodibertsitate bitxia, isolatze prozesupean ari da. Hala, proiektu honen egitasmoa “gure ondare naturala eta biodibertsitatea kontserbatzea da”.

Ekintza honekin agure, heldu zein umeen “kontzientziazioa” sustatu nahi dute, “hemengo hazitatik hazitako zuhaitz zein zuhaixkak landatuz”. Landaketa lekuko espezieekin soilik egingo da. Haritzaldek Marruseko baratze publikoetan hazitako zuhaixkekin proposatzen du landaketa hau.

Elkarteek deialdia zabaldu dute, eta iazko parte hartze berdina espero dute. Izena emateko, interesa dutenek euren izen-abizenak, adina eta telefono zenbakia bidali behar dituzte irutxulo@hitza.eus helbidera.